Ataunek 70 urte atzera joko du, Ohitura Zaharren Eguna lehengo dendei eskainita
Ataungo 1950-1970 urteetako kalea eta zerbitzuak irudikatuko dituzte, igandeko jaian. Komertzioak, tabernak eta dendak dira gai VI. Ohitura Zaharren Egunean. Erakusketa ugari izango dira
Garai bateko usadioetan eta bizimoduan berriro murgiltzeko aukera izango da igandean, Ataunen. VI. Ohitura Zaharren Eguna antolatu du Jentilbaratza kultur elkarteak, eta garai bateko herria, eta batez ere hirugarren sektoreko zerbitzuak, nolakoak ziren erakutsiko dituzte. Aurtengo ekitaldian, gai nagusia 1950, 60 eta 70eko hamarkadetako Ataungo denda, taberna eta komertzioak izango dira.
Duela 50-70 urte Ataungo kalea nolakoa zen erakusten saiatuko dira. «Ez da erraza izango, orduko eraikin batzuk jada botata daudelako, baina saiakera egingo dugu», aurreratu du Jentilbaratza elkarteak.
San Martingo plazan egongo dira erakusketak eta garatuko dituzte erakustaldiak eta jarduerak, etzi 11:00etatik 14:00etara.
Betiko moduan, ganadua, belarra kablean, artisauak, barazki eta fruta postuak, antzerkia, talogileak eta kotxe zaharrak ikusi ahalko dira. Arreta, hori bai, gai nagusian ipinita: garai bateko denda-komertzio batzuk ikusteko aukera ere egongo da.
2005etik seigarren aldiz
Ohitura Zaharren Eguna girotzeko, lehengo erara jantzita joateko eskatu diete ataundarrei. «Ekitaldi ugari ditugu prestatuta, eta sorpresaren bat ere bai».
Seigarren aldiz egingo dute Ohitura Zaharren Eguna. 2005ean izan zen lehena, antzinako lanbideen inguruan. Txerria hil zuten, eta Andres errementaria ferrak egiten aritu zen. 2008an, lur lanak, garia eta artoa izan ziren gaiak; Arrondo anaiak laiaketan aritu ziren.
2010ean, ikazkintza irudikatzeko, txondorra egin zuten, 15 egun lehenagotik. 2014an ezkontzako arreoa eta segizioa antzeztu zuten, eta 2018an Ataungo iturriak eta ura hartu zituzten gai nagusitzat.
OHITURA ZAHARRA EGUNA
Eguna: Igandea, hilak 23
Lekua: Ataun San Martingo herriguna
Ordua: 11:00-14:00
Jaiaren osagaiak
Komertzio zaharren erakusketa
Ganadu erakusketa
Belar lanak: sortak kablez bota, zuhatza egitea…
Barazki eta jaki postuak
Gazta egitea
Garai bateko eskola
Tresna eta lanabes zaharrak
Argazki zaharren erakusketa
Herri kirol erakustaldia
Erromeria, ume jolasak, taloak
Auto zaharrak