Iñaki Apalategik bihar ekingo dio Elizondon bigarren faseari
Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo finalaurrekoa bihar jokatuko da Elizondoko (Nafarroa) Baztan pilotalekuan, 17:00etatik aurrera.
Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo finalaurrekoa bihar jokatuko da Elizondoko (Nafarroa) Baztan pilotalekuan, 17:00etatik aurrera. Iñaki Apalategi Astigarraga beasaindarrarekin batera, Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Joanes Illarregi Marzol, Onintza Enbeita Maguregi eta Unai Agirre Goia izango dira larunbatean oholtzara igoko diren sei bertsolariak. Gai-jartzaile lanean, Amaia Castorene Luro arituko da.
Elizondoko saiorako sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean. Elizondon bertan 15:00etan irekiko da leihatila; pilotalekuko ateak, berriz, 16:00etan.
Hurrengo finalaurrekoak
Larunbateko saioa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 19an Amurrion (Araba) jokatuko den bigarren itzuliko finalaurrekora. Elizondokoaz gain, beste hiru finalaurreko jokatuko dira lehen itzulian: Donibane Garazin, Irunen eta Durangon. Horietatik aterako dira finalaurrekoen bigarren itzulira sailkatuko diren hemezortzi bertsolariak. Amurrion, Baionan eta Bilbon izango dira bigarren itzuliko hiru finalaurrekoak.
Finalaurreko guztiak zuzenean jarraitzeko aukera egongo da Bertsoa.eus eta Eitb.eus atarietan eta ETB4 katean.
Nerea Elustondo
Bigarren ordezkari bat ere izango da finalaurrekoetan, Nerea Elustondo Plazaola legazpiarra. Finalaurrekoetako bigarren saioan kantatuko du, Donibane Garazin (Nafarroa Beherea).