Ordiziako Udalak Europaren laguntza eskatu du hiru proiektu garatzeko
Turismoa, azoka eta merkataritza eta Urdaneta Eskola eraberritzeko 6,1 milioi euro lortu nahi ditu Next Generation Europako Funtsetik. 2030 ekintza planean jasota daude
Hiru proiektu oso anbiziotsu ditu Ordiziako Udalak esku artean: Ordizia, lurraldearen dastamena proiektu turistikoa; Ordiziako azoka eta merkataritza garatu eta sustatzeko estrategia; eta Urdaneta ikastetxearen eraberritze jasangarria egitea. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak azaldu duenez «esfortzu handiarekin garatutako proiektuak dira» eta «2030 ekintza planaren barruan lerratzen dira». Next Generation Europako Funtsen 6,1 milioi euro baino gehiago lor ditzake udalak hiru proiektuak garatzeko.
Horien berri emateko prentsaurrekoa eman zuen alkateak, atzo, udaletxean. Ordizia, lurraldearen dastamena proiektua, Goitur Goierriko Turismo Agentziarekin elkarlanean marraztu du udalak. Hori garatzeko 2.943.240 euro eskatu dituzte Europako funtsetara. Atal honetan, hiru ardatz nagusi daude. Batetik, Oiangu eraberritzea. Bertan, Oiangu baserria aterpetxe bezala egokitzea, Oianguko golf zaharrean eraikina balio anitzetarako eraikin bezala egokitzea. Bestetik, D’Elikatuz zentroa eraberritzea Goierriko bisitarien arreta gune eta Ordiziako azokaren interpretazio zentro bezala. Eta hirugarren ardatza da Ordiziako gaztandegia birkokatzea.
Azoka, herriaren bihotza
Beste proiektuetako bat da, azoka eta merkataritza garatu eta sustatzeko estrategia. Horretarako, 903.019,25 euro eskatu dituzte. Ezenarrok azaldu duen moduan, Ordiziako plaza da, «herriko bizitzaren gunea eta merkataritzaren dinamizaziorako gakoa».
Horren baitan hainbat lan lerro proposatu dituzte. Batetik, plazaren estalkia eraberritzea, 2025 urtean ehun urte beteko dituena. Bestetik, eta eraberritze lanekin batera, klimatologiatik babesteko elementuak kokatzea da asmoa. Panel fotovoltaikoak ere kokatuko dituzte. Gainera azokako elementuak modu jasangarrian eraberritzea. Atal honetan sartzen da ere, postuak eraberritzea, azokako espazio lagungarriak, packaging jasangarria, takila adimenduak eta hondakinen kudeaketa.
Azokaren, merkataritzaren eta ostalaritzaren sustapenari dagokionez, eraldaketa digitala ere erronka bat izanik, zentzu horretan ere egingo dira urratsak.
Urdaneta ikastetxea
Hirugarren proiektua eta «oso garrantzitsua» hau ere, Urdaneta eskolaren eraberritze jasangarria burutzea izango da. horretarako 2.639.103,61 euro eskatu dituzte. Eraikinaren eraginkortasun energetikorako bideratuko dira 1.598.103,61 euro. Azal berri isolatua fatxadan eta estalkietan, arotzea berriak, biomasa galdara berria panel fotoboltaikoak eta LED argiteria. Gainera patioak estaltzeko sistema bioklimatikoak ezartzea ere aurreikusten da.
Bestalde, Urdaneta ikastetxea osatzen duten eraikin desberdin arteko komunikazioak hobetzea, eta azkenik, patioko espazioaren eraberritzea.
Bideragarriak udalarentzat
Diru laguntzen ebazpena urtea amaitu aurretik iritsiko da, eta Ezenarro alkateak argitu duenez, «proiektu hauek bideragarriak dira udalarentzat», beraz, diru laguntza lerroren bat onartuko ez balitz «2023ko aurrekontuetan txertatzeko arazorik ez litzateke egongo».