Ormaiztegin eliz aurreko plaza berritzeko lanak astelehenean hasiko dituzte
Plazako zorua, plazatik udaletxe pareko parkera doan zatiko espaloia eta eliza pareko lorategia berrituko dituzte, besteak beste. Aurrekontua 462.677 eurokoa da, BEZa barne.
Itxura berria emango diote Ormaiztegiko eliz aurreko plazako eremuari. Astelehenean hasiko dituzte plaza eta ingurua berritzeko lanak. Lau hilabeteko obra izatea aurreikusi dute. Plazan ez ezik, ondoko hiru eremutan ere egingo dituzte lanak. Guztira, 1.000 metro koadroko eremuan ibiliko dira lanean. Aurrekontua 462.677 euro ingurukoa da, BEZa barne.
Eremua biziberritzea da lanen helburua, gaur egungo espazio irekia berritzea, herritarren elkargune izan dadin. Plazan bertan zorua berrituko dute. Proiektuan aurreikusitakoaren arabera, Zumalakarregi Museo pareko espaloia ere berrituko dute, elizaurreko plaza eta udaletxe pareko haur parkean konektatzen dituen bidean. San Andres kaleko zuhaiztia eta bertatik plazarako sarrera ere egokituko dituzte.
Plazaren eta San Andres kaleko espaloiaren arteko desnibela kenduko dute, sarbidea irisgarria izan dadin, eta arranpa bat eta eskailerak jarriko dituzte, heldulekuekin. Azken lan horrek San Andres kaleko sarrera ondoan dagoen lorategiari eragingo dio. Hala, lorategi berri bat jarriko dute bertan. Parte berritu horretan herriko ziklisten omenezko eskultura bat kokatzea aurreikusi dute.
Eszenatoki txiki bat
Karpa jarri ohi du udalak eliza urreko plazan herriko ekitaldiak bertan egiteko. Horri irtenbide bat emate aldera, Zumalakarregi Etorbidean, plaza iparraldean dagoen haritza abiapuntu hartuta, aterpedun eszenatoki bat egingo dute. Plataformaren oinarria hormigoiez egingo dute, eta estalkia, berriz, metalezko egitura bat izango da. Eszenatokia eta arbola elkarren ondoan egongo dira. Leku horrek erreleboa hartuko dio karpari eta bertan egingo dituzte aurrerantzean kultur eta aisi ekintzak.
Lanek Ander Deunaren jaien lekualdatzea eragingo dute. Plazan lanak egiten ariko direnez, karpa Berjaldegira mugitzea aurreikusi du udalak.