Espainiako 2022ko Merkataritza Sarien egoitza izango da Zumarraga
Azaroaren 10ean izango da sari banaketa, eta Reyes Maroto Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo ministroa etorriko da. Era berean, Zumarragak 25.000 biztanletik beherako udalerrien Espainiako Saria jasoko du.
Espainiako 2022ko Merkataritza Sarien egoitza izango da Zumarraga. Udalarentzat “harro egoteko moduko albiste bikaina” da sari horien egoitza izatea, eta “gure probintziatik nahiz Euskal Herriko eta Espainiako gainerako probintzietatik etorritako ordezkariak gure herrian hartzea”. Azaroaren 10ean izango da sari banaketa, eta Reyes Maroto Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo ministroa etorriko da.
Egoitza izateaz gain, udalerri sarituetako bat ere izango da Zumarraga, 25.000 biztanletik beherako udalen Espainiako Saria irabazi baitu. Urriaren 3an jaso zuen Zumarragak Espainiako Merkataritzako Estatu Idazkaritzaren zorion mezua Marotoren izenean.
Hiru modalitatetan banatuta
Sari horiek hiru modalitatetan banatzen dira: udalei ematen zaien Ohorezko Saria, merkataritzako hiri-berrikuntzako jarduerak saritzeko; Merkataritza Txikiari ematen zaion saria, teknologiaren hobekuntzaren, elkarketaren edo enpresen bat-egitearen bidez merkataritza-garapena eta enpresa-modernizazioa saritzeko; eta Merkataritza Gune Irekiei ematen zaien saria, merkataritza-asoziazionismoa saritzeko, Merkataritza Zentro Irekiak (CCA) sustatzera eta horien gerentzia-organoak sustatzera eta garatzera bideratua. Guztira 17 dira aurten sari orokorren, akzesiten eta kategoria bakoitzeko aipamen ohoretsuen artean sarituak.
Udalaren kategoria bitan zatitu da: 25.000 biztanletik gorakoak, Santanderko Udalak eskuratu du sari hori, eta 25.000 biztanletik beherakoak, Zumarragako Udalaren hautagaitza aintzatetsiz. Ohorezko akzesita Lugoko Udalari eman zaio.
Gainerako kategorietan, Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaritza nabarmentzekoa da: Donostiako Pukas Surf eta Perfumerias Benegas saltokiak; Bilboko Manuel Mendozaren Encajeros saltokia; eta Gasteizko Gasteiz-on elkartea.
Saritu guztiei harrera
“Sari-banaketan parte hartzen duten pertsona guztiei harrera egitea, eta, bereziki, ministroari, gure udalerriaren edertasuna eta berezitasuna erakusteko aukera bat da; izan ere, udalerriaren etorkizunerako proiektu estrategikoak lantzen ari da, hala nola sari honek aitortutakoak”, adierazi du Zumarragako Udalak prentsa ohar bidez.