Porru kaleko festak antolatu dituzte Beasaingo gazteek, gaur eta bihar
Gernika pasealekuko pilotaleku estalian egokituko dute festa lekua. Gaur 19:00etan sagardo dastaketa izango da. Bihar bertso bazkaria, elektrotxaranga eta kontzertuak
Beasaingo gazteek Porru Kaleko festak berreskuratu dituzte aurten, bi urteko etenaren ondoren. Gaur eta bihar, egitaraua betea izango dute, herriko gazteen arteko harremanak sendotzeko helburuarekin. Gernika pasealekuko pilotalekua izango da festarako topagunea.
Gaur, 19:00etan hasiko da jaia, sagardo dastaketarekin. Edalontzia lau euro ordainduta, sagardo desberdinak dastatzeko aukera izango da. Gauean, berriz, 22:00etan, DJ Maixu disko jartzailearen txanda izango da.
Biharko, berriz, egun osoko egitaraua antolatu dute gazteek Eguerdian, 12:30ean, trikipoteoa izango dute herriko tabernetan eta 14:00etan, bertso bazkaria. Antolatzaileek aurreratu dutenez, 300 bat lagun elkartuko dira. Ez dute zehaztu bertsolariak zeintzuk izango diren, «sorpresa» izatea nah dutelako. «Herrikoak eta ingurukoak izango dira», aurreratu dute.
Eguna bukatzeko, arratsaldean, 18:00etan, Elektrotxaranga eta 21:00etan, Muxutruk erromeria taldea eta Eman Emak disko jartzailea izango dira.