Dominika txabola su egurrez ondo hornituta
Udaberrian basoan botatako enborrak txabolara gerturatu, txikitu eta txabola ondoan pilatuta uzteko auzolana egin zuten joan den asteazkenean hainbat boluntariok. Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoko kide diren sei udalerrien artean txandaka erabil dezakete.
Udaberrian basoan botatako enborrak txabolara gerturatu, txikitu eta txabola ondoan pilatuta uzteko auzolana egin zuten joan den asteazkenean hainbat boluntariok, datozen hilabeteetan txabola berotzeko behar adina su egur prest utziz.
Oltzeko Dominika txabola mendizaleen aterpetxe izateko 2013. urtearen inguruan atondu zuten, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoko kide diren sei udalerrien artean txandaka erabil dezakete. Herri bakoitzak hamabost eguneko epea izango du, urtean lau alditan.
Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoa sei udalerrik osatzen dute, Goierriko lauk eta Arabako bik: Idiazabal, Segura, Zegama eta Zerain; eta Asparrena eta Donemiliaga.
Emakumezko izena duen txabola
Oltzeko bazkalekuan dago Dominika txabola. Urbian emakumezko izena duen bakarra da. Dominika Arrizabalaga Azurmendi artzainak eta haren familiak erabili izan zuten, eta haren izena mantendu du.
Zegamako Asemendi Muñoa baserrian jaio zen Dominika, 1915ean. Lorentzo Etxeberria larraiztarrarekin ezkondu, eta Zalduondora joan ziren bizitzera, ardiak Arabako aldean larratzeko hango auzotasuna behar baitzen. Sei seme-alaba izan zituzten; zaharrena, Joxe, Oltzeko txabolan jaio zen. Besteak, artzain martxaren arabera, herri banatan: bi Gipuzkoan, bi Araban eta bi Bizkaian.
1991ra arte egon zen udan Oltzeko txabolan. 2015ean hil zen, Legazpin, 100 urte beteta.