Inoizko auzolan handienean bat eginez abiatu du Errigorak udazkeneko kanpaina
'Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka' kanpaina abiatu du Errigorak, eta azaroaren 10era bitarte Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko produktuz osatutako 3 saski eskainiko ditu. Horien balioaren %25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko diote. 'Bat egiteko garaia da' aurtengo lema. GOIERRIKO HITZA-K ere bat egin du kanpainarekin, eta aste honetan saski beltza zozkatuko du Hitzakideen artean.
Nafar hegoaldeko uzte euskarari puzka abiatu zuen Errigorak larunbatean Ablitasen (Nafarroa). Azaroaren 10era bitartean Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko produktuz osatutako hiru saski erosteko aukera izango da, eta horien balioaren %25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko diote.
Aurtengo lema Bat egiteko garaia da da, eta lau zentzutan ulertzen du Errigorak goiburu hori.
- Euskararen lurraldean mugarik egon ez dadin, zonifikazioa gainditzea.
- Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko sektore zabalak euskararekin berradiskidetzeko eta euskararentzako aldekotasun berriak biltzeko.
- Agerreko geografia eremuko euskaltzaleek bat egiteko.
- Euskal herritar eta eragileek bat egiteko.
Errigorak nabarmendu duenez, 2013tik gaur arte 1.600.000 euro baino gehiago bideratu dira Nafarroako hegoaldeko eta erdialdeko euskaldunek sortutako herri ekimenak sostengatzeko. “Diru-ekarpen hori sortzeko bidea elikadura burujabetzara pausoak emateko baliatu dugu, eta urteotako diru ekarpena ezinbestekoa izan da bertako ikastolek eta AEKk herritarrak euskalduntzen jarrai dezaten eta sare publikoan gero eta guraso gehiagok D ereduaren aldeko egitea helburu duten Sortzenek kanpainak laguntzeko”.
Larunbatean Ablitasen 10.000 kutxa baino gehiago prestatu zituzten eskuz esku, “inoiz egin den auzolanik handienean”. Azaroaren 10a arte egin daitezke saskien eskaerak Goierriko ohiko tokietan eta Errigoraren webgunean.
GOIERRIKO HITZA-K ere bat egin du kanpainarekin, eta aste honetan saski beltza zozkatuko du Hitzakideen artean.