Iraitz Zubizarreta Promozioko Lau t'erdikotik kanporatuta gelditu da
Auzoetan atzo Salaberriaren aurka 22-17 galdu ondoren, final-laurdenetako ligaxkan laugarren gelditu da ataundarra, finalaurrekoetara pasatzeko postuetatik kanpora.
Ataungo Auzoeta pilotalekuak ez dio behar zuen zoririk ekarri Iraitz Zubizarretari, Promozio mailako Lau t’erdiko txapelketan. Final-laurdenetako A multzoko azken jardunaldia zen, eta gauzak ez zaizkio nahi bezala atera. Ez bere emaitzak –Salaberriaren aurka 22-17 galdu du–, ez aurkarienek, ez diote ahalbidetu lehiaketan aurrera jarraitzerik.
Hala, batetik, Salaberria izan da multzoko jaun eta jabe. Jokatutako hiru partidak irabazi ditu. Zubizarreta III.ak ez zion erraz jarri atzoko norgehiagokan. 4-12 aurretik iritsi zen ataundarra –urdinez jokatu zuen– lehenengo atsedenaldira. Suspertu zen orduan Salaberria, eta bigarren etenaldira bera iritsi zen aurretik: 18-17. Zuzenean joan zen 22. kartoiraino.
Ostiralean Tafallako Eretan Larrazabalek eta Egigurenek egin zuten emaitzak ez zion irabaztea beste aukerarik utzi Zubizarretari. 22-15 gailendu zen Larrazabal, baina Egigurenek tanteoa aldeko atera zuen, hala eta guztiz, sailkapenean aurretik gelditzeko. Ataundarrak, Larrazabali Gasteizen urriaren 16an irabazi ondoren, garaitzea aski zuen txartela poltsikoratzeko. Baina Salaberriak nagusitasun osoz pasatu nahi izan du hurrengo koskara, bide batez txapelerako bidean lanak suposatuko zizkion aurkari gogorrenetako bat –Iraitz bera– kaleratuta.
Sailkapenean, partida bakarra irabazita geratu dira Larrazabal, Egiguren eta Zubizarreta. Baina tanteoz, Egigurenek lortu du finalaurrekorako txartela ematen zuen 2. postuan erortzea. Zubizarreta 4. gelditu da. Datorren asteburuan jokatuko dituzte Promozioko Lau t’erdiko bi finalaurrekoak Salaberriak, Egigurenek, Bakaikoak eta Expositok.
Jaialdiko profesionalen beste partidan, Agirrek 22 eta 10 irabazi zion Larrazabali. Erakustaldia izan zen hori.