Klima aldaketaren hondamendiari buruzko 'Bihar' dokumentala emango dute Lazkaon
Asteartea, urriaren 25a, Klima Aldaketaren Nazioarteko Eguna dela eta, Areria antzokian emango dute nazioarteko dokumentala, 20:15ean.
Lazkaoko Areria antzokian dokumental emanaldi berezia antolatu dute, biharko (urriak 25, asteartea), Klima Aldaketaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Demain (Bihar) dokumental frantziarra emango dute, 20:15ean hasita.
Cyril Dion-en eta Melanie Laurent-en lanak klima aldaketaren ondoriozko larrialdiari buruz nazioartean hasi dituzten ekimenak aurkezten ditu, batez ere 2100. urterako aurreikusi duten giza hondamendia saihesteko ahaleginean ari direnak. Lau laguneko taldeak bere ikerkuntza abiarazita, hamar herrialdetan nekazaritza, energia, ekonomia, demokrazia eta hezkuntza berpentsatzeko eta birplanteatzeko zenbait aitzindarik martxan dituzten proiektuak dira oinarri. Hondamendi aldarteari, positibotasunez eraldatzeko dohaina dario Bihar dokumentalari.