Sugaar Zapirain idiazabaldarraren lan bat 'Arnasetik' bideo sormen lehiaketaren finalisten artean
Hizkuntza ohiturei buruzko sormen lanak ondu dituzte arnasguneetako ehunka gaztek. Idiazabalgo mutikoaren lana DBH 1 eta 2 kategoriako lau finalisten artean dago. Sari banaketa ostiralean, hilak 28, izango da Amasa-Villabonan.
Sugaar Zapirain, Arnasetik lehiaketara aurkeztu duen bideoaren irudi batean. Sugaar Zapirain Larrañaga idiazabaldar mutikoaren Zer dira arnasguneak? bideoa da Arnasa Gara ekimenak antolatutako Arnasetik bideo sormen lehiaketaren finalistetako bat. Lehiaketa honen helburua arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako 10-16 urte bitarteko gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egitea izan da. Denera 99 lan aurkeztu dituzte.
Zapirainen lana DBH 1 eta 2. mailako lau lan finalisten artean dago. Sari banaketa ekitaldia datorren ostiralean, hilak 28, egingo dute Amasa-Villabonan, 18:00etan. Sariak banatu ez ezik, sorpresa ugari izango direla aurreratu dute antolatzaileek.













