Zabalik da XIX. ipuin, bertso eta marrazki sariketara lanak aurkezteko epea
Ikastetxe bakoitzean lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 16a izango da, eta azaroaren 18an Elorri elkartean. "Euskara eta euskal kultura suspertu eta indartzeko" sariketa da.
Beste urte batez Joxean Ormazabal Ipuin, bertso eta marrazki sariketa antolatu dute Elorri kultur elkarteak eta Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri elkarteak. Aurtengoa hemeretzigarrena izango da. Dagoeneko zabalik dago lanak aurkezteko epea. Ohi bezala, Olentzeroren eta Mari Domingiren abenturak abiapuntu hartuta sortuko dituzte lanak, euskal mitologia lantzeko.
Antolatzaileen esanetan, “Euskal Herriko haurren esamolde eta euskalki ezberdinez elkar ezagutzeko aukera” da sariketa. “Euskara eta euskal kultura suspertu eta indartu nahian” antolatzen da. Segurako, Zeraingo eta Mutiloako haur eta gaztetxoez gain, Iparra-Hegoa aste kulturalean parte hartzen duten ikastetxeetara hedatzen da ekintza, eta baita Bertso Eskoletara eta Goierriko beste hainbat ikastetxeetara. Tartean, Ataungo, Zegamako edota Ormaiztegiko ikastetxeek parte hartu izan dute. Ipar Euskal Herrian, Urruñako eta Donibaneko ikastoletara zabaltzen da. Lanak ikastetxeetan entregatzeko azken eguna azaroaren 16a izango da. Segurako Elorri elkartean edo 647 052 529 zenbakian azaroaren 18ra arte aurkeztu ahal izango dira. Iparraldekoek ere azaroaren 18ra arte izango dute aukera, Xala ostatuan.
Adin taldeak eta gaiak hona hauek dira:
- 1. eta 2. mailakoak (6-7 urte): Olentzerori astoa galdu zaio. Ipuina orrialde bat eta bi kopla edo bertso.
- 3. eta 4. mailakoak (8-9 urte): Olentzero oso haserre dabil. Banatuko ote ditu opariak aurten?. Ipuina bi orrialde eta 3 bertso edo kopla.
- 5. eta 6. mailakoak (10-11 urte): Geroz eta haur gutxiago dago. Zer egingo du Olentzerok banatu ez dituen opariekin?. Ipuina bi-hiru orrialde eta 4 bertso.
Ipuinak eta marrazkiak banaka egin behar dira. Bertsoak, berriz, banaka egin ditzakete lehen bi adin taldeetakoek, eta azken adin taldekoek banak egin beharko dituzte. Lan guztietan izena, adina eta ikastetxea jarri beharko dira eta haurrek beraiek egindako lanak izan beharko dira, irakasleen edo gurasoen laguntzarik gabe. Sari banaketa abenduaren 10ean izango da, 12:00etan, Botikaxahar kulturgunean.
Joxean Ormazabal idazlea (Zegama, 1948-2010) izan zen sustatzaileetako bat. Bere omenez haren izena darama sariketak. Haurrentzako hainbat ipuin, poema eta kanta sortu eta itzuli zituen zegamarrak.