Ardiki Eguna etzi da Zaldibian, mondeju lehiaketaren inguruan
Zaldibiako 27. Mondeju Lehiaketa eta Aralarko Gaztaren 24. Lehiaketa ere jokatuko dira.
Urriko azken igandean, Ardiki Eguna itzuliko da Zaldibiara, etzi. Ardiki Kofradiak ohiko festa-egitaraua prestatu du iganderako. Azoka giroa, artisau postuak eta bestelako festa-osagaiak izango ditu. Baina, izaerari fidel eutsita, artzaintza hartuko dute ardatz, eta batez ere Aralar mendikateko kultura.
Hala, Zaldibiako mondeju zuria, ardikiarekin egindako hestebetea, ipiniko dute arretagune nagusitzat. 27. Mondeju Lehiaketa jokatuko dute, herriko ekoizleen artean. Bosna kana mondeju eraman behar ditu partaide bakoitzak, jai goizean. Izena emateko epea bezperara arte utzi dute; bihar 18:30era arte, alegia (649 31 65 34).
Epaimahaikoa jatetxeetako sukaldariek eta herriko harakin, hestebetegile nahiz adituek osatuko dute. Irabazleak 300 euro eta txapela jasoko du, bigarrenak 200 euro eta hirugarrenak 100. Dieta modura, parte-hartzaile bakoitzak 25na euro ere bai.
Mondejuarekin batera, Aralarko Gaztaren 24. Lehiaketa ere jokatuko da, Zaldibian. 11:00etan hasiko dira epaileak bai mondejuak, bai gaztak probatzen. Epaia, ohi bezala, Andoni Egañak eta Sebastian Lizasok bertsotan esango dute, 13:15ean.
Azoka eta erakusketak
Ardiki Egunaren egitaraua etzi 10:30ean hasiko da, txistularien eta Azpeitia-Azkoitia aldeko trikitilarien kalejirarekin. Artisautza erakusketa ere orduan irekiko dute, plazan. Gazta egiten, mondeju egiten, ehundegiak oihalak iruten, saskiak egiten… jardungo dira artisauak.
Ganadu erakusketak ere egongo dira, latxa ardi, ahari, pottoka eta ahuntz azpigorriena. Lehiaketen sari banaketa 13:15ean egin, eta 14:30ean herri bazkaria antzokian izango da, ardikiarekin (txartela 25 euroan salgai). 19:30ean, kalejirarekin amaituko da Ardiki Eguna.