Atariko gisa, goren mailako bi abesbatza izango dira elizan
Urriaren 30ean izango da bietako lehena. Valentziako Ad Libitum ganbera abesbatza entzuteko aukera izango da. Bigarrena azaroaren 2an da, Kieveko Sophia Ganbera talde ukrainarrak abestuko du.
Barroko Aire jaialdiaren atariko gisa, Ordiziako eta Goierriko publikoak bi abesbatza talderen ahotsekin gozatzeko aukera izango du. Tolosako abesbatzen lehiaketan parte hartuko duten bi talde dira, eta Ordiziako Udaleko kultura sailaren ekimenez etorriko dira Ordiziara.
Urriaren 30ean izango da bietako lehena. Valentziako Ad Libitum ganbera abesbatza entzuteko aukera izango da. Proiektu pedagogiko aski zabala da, kantu koralerako prestakuntza ematen duena lau urtetik hasita. Gaur egun, sei abesbatzatan banatutako ehundik gora haur, gazte eta helduk osatzen dute proiektu hau. Talde honen errepertorioak askotariko piezak biltzen ditu bere baitan, polifonia klasikotik hasita XXI. mendeko sorkuntzetaraino.
Ordiziako parrokian izango da kontzertua, 18:30ean hasita.
Bigarren saioa
Eta asteazkenean, kasu honetan kontzertua 20:00etan izango da, Kieveko Sophia Ganbera talde ukrainarraren txanda izango da. Kieveko Sophia gazteen ganbera-abesbatza Ivan Bogdanov zuzendari gazteak sortu zuen, 2008an. Sophia koruak Lasso-ren, Monteverdi-ren eta errenazimenduko beste konpositore batzuen moteteak abestu ditu, besteak beste. Arian-arian beren errepertorioa zabaldu, eta bere ibilbidean, sona handiko jaialdi eta tokietan kantatu dute, baita sariak irabazi ere.