Gaztelekua bueltan da
Ekainean Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako umeekin proba pilotua egin zen ondoren, gaur irekiko dute berriz ere gaztelekua, Danon Gelan.
Segurako gaztelekua bueltan da, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako zein DBH1-eko ikasleentzat. Gaur irekiko dute berriz ere, pandemia garaitik itxita egon ondoren. Ostiraletan 17:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 16:30etik 19:30era egongo da erabilgarri, Danon Gelan.
Badira 3 bat urte Segura Oinherri Herri Hezitzaileen sarean sartu zela. Pandemia iritsi zenean, gaztematikako asteburuko zerbitzua bertan behera geratu zen, eta irekitzeko garaian, zerbitzuari “buelta bat emateko eta zerotik hasteko” aukera ikusi zutela azaldu dute udaletik. Oinherrirekin eta Txatxilipurdirekin elkarlanean, prozesu parte hartzaile bat deitu zuten, aisialdiko hezitzaile eta begirale izan zitezkeenentzat. “Lan saio batzuk egin ziren, Segurako gazte aisiak zer izan beharko zukeen aztertzeko eta gazteak formatzeko. Hortik aisialdi talde bat sortu da”.
Udaberrian egin zuten prozesua, eta maiatza-ekain inguruan proba pilotua egin zen LH 5 eta 6-koekin, zerbitzuaren funtzionamendua ikusteko. Orduko 6. mailakoak DBH1-ean daude orain. LH5-6 mailakoentzat eta DBH1-ekoenzat izango da zerbitzua aurten.