Gerrikoa 20ra zabalduz
Lazkaoko Gerriko ikerlan bekaren 20. deialdia egin dute. Lehen aldiz gaia zehaztuta eta ikus-entzunezko arlora ere zabalduta izango da. Lazkaoko emakumeen ekarpena aztertu behar da.
Goierriko ikerketa sustapen ekimen antzinakoena den Lazkaoko Gerrikok 20. Ikerlan Bekaren deialdia egin du. Berritasun aipagarriekin aurkeztu dute Gerriko kultur elkarteko Joxepa Madariaga koordinatzaileak, Maizpideren zuzendari Laida Begiristainek, eta Lazkaoko Udaleko zinegotzi Amagoia Naldaiz eta Benita Goñik, eta Berdintasun teknikari Lidia Hernandezek.
Aurreneko aldaketa, tematikaren zehaztapena da. Lehenengo aldiz, gaia itxita izango dute ikertzaileek: Lazkaoko emakumeak. Andreek Lazkaon eta Lazkaoko historian izan duten eta gaur egun duten presentzia, ezaugarriak eta garrantzia aztertu behar da Gerriko bekarekin. Udalaren Berdintasun Batzordeak proposatu dio antolakuntzari —hori ere nobedadea da—, arlo horri ikusgarritasuna eta sakontasuna eman nahian.
Bigarren berritasun handia, euskarriarena da. Orain arte paperean argitaratu dituzte Gerriko Ikerlan Bekan 24 liburu, 1990etik 2017ra. Labean beste bi ere badira, Goierrin estatu frankista nola eraiki zuten Jon Kortazar egiten ari dena; eta Goierriko euskalduntzearen historiaz Asier Etxenikerena.
Aurten, ordea, ikertzaileek ikus-entzunezkoen esparrura ere jauzi egin ahalko dute, eta dokumental edo ikuskari gisa atera ahalko da Gerrikoko ikerlana, hala aukeratuz gero. Liburu euskarria ere eskaini dute.
7.000 euroko beka
Bekadunak 7.000 euro jasoko ditu. Euskaraz landu eta aurkeztu behar da ikerketa, eta hizkuntzaren zuzentasun eta egokitasunari arreta jarriko diote, ohi bezala. Jokin Apalategik segiko du zuzendari, eta Dionisio Amundarainek euskara zuzentzaile egindako lan eskerga ere eskertu dute antolatzaileek.
Gaia Lazkaora mugatua baldin badago ere, edozein ikertzailek parte har dezake deialdian, bai banaka, bai taldean. Proposatutako gaiari ere nahi den erpinetik hel dakioke. Historian zehar lazkaotar emakumeek izan duten presentzia, lanak, eguneroko bizitza… Haiek egindako ekarpena berreskuratzea eta balioa ematea da, kasu honetan, Gerriko ikerlan bekaren xedea.
GERRIKO 20. IKERLAN BEKA
Deialdia. Gerriko Ikerlan Bekaren 20. deialdia.
Gaia. ‘Lazkaoko emakumeak’.
Antolatzaileak. Gerriko kultur elkartea, Maizpide euskaltegia eta Lazkaoko Udala.
Eskaera. Urtarrilaren 13ra arte, hamabost orriko proiektu zehatza eta ikertzaile(ar)en datuak.
Jakinarazpena. Martxoak 10.
Zenbatekoa. 7.000 euro.
Kontaktuak. gerriko.eus / gerrikokultura@gmail.com. 943160282/688822871.