Lau proposamen dakartza musika barrokoaren zikloak Ordiziara
Kea ahots taldeak eta Iñaki Salvador piano jotzaileak irekiko dute jaialdia musika barrokoa eta jazza fusionatuz, 'BachJazz-Bach inmortal' izenburupean, azaroaren 6an.
Barroko aire, musika barrokoaren egunak jaialdiaren 27. edizioa hastear da Ordizian. Aurtengoak ekarriko duenaren xehetasun guztiak eman zituzten, atzo, Barrena Kultur Etxean egin zuten aurkezpenean. Lander Mujika Ordiziako Udaleko kultura zinegotziarekin batera izan ziren, aurtengo zikloan parte hartuko duten taldeetako ordezkariak. Egitaraua aletu aurretik gogoratu zuten, Ordiziako parrokian izango direla lau kontzertuak, azaroko lau igandeetan, 18:30etik aurrera.
Azaroaren 6an izango da aurtengo lehen emanaldia. Musika barrokoa eta jazza fusionatuko dituzte, BachJazz-Bach inmortal izenburupean. Kea ahots taldearen eta Iñaki Salvador piano jotzailearen proposamen bat da. 25 urte bete ditu Keak aurten eta «zerbait desberdina» eskaini nahi diete ikus-entzuleei. «Johann Sebastian Bach-en lanetan oinarrituta, baina ikuspegia aldatu nahi izan dugu», azaldu du taldeko ordezkariak.
Hurrengo igandean, azaroaren 13an, Oniria antzinako musika taldearen txanda izango da Huehuetenango, Ministrel de Guatemala programa eskainiko du. Talde honek, ibilbide oparoa du antzinako musikan espezializatutako musika ziklo ezagunenetan. Errenazimenduaren eta barrokoaren tronboi berezia darabilte. Talde onenaren eta disko grabazio onenaren publikoaren sariak jaso ditu Espainiako Antzinako Musikaren seigarren Gema sarietan.
Zortzigarren aldia
Azaroaren 20an izango da, ziklo honetako hirugarren kontzertua. Conductus Ensemble izango da egun horretan. Musika barrokoaren jaialdian aspaldiko ezagunak dira, izan ere, aurten, zortzigarren aldiz parte hartuko dute Ordiziako jaialdian.
Eta edizio honi amaiera emateko, azaroaren 27an, Oiasso Kamerata talde irundarra izango da. Barrokoa edo ez barrokoa da Ordiziara ekarriko duten proposamena. Obra barrokoak eta garaikideak, barroko estilokoak eta musika barrokoari keinu egiten diotenak gehitu dituzte proposamen honetan. «Sorpresa ugari» izango direla nabarmendu du taldeko ordezkariak.