'Mendiak 1976' dokumentalak itxiko du gaur proiekzioen zikloa
Gizatasuna eta mendia uztartzen ditu ikus-entzunezkoak. Beasaingo XV. Mendi Astea bihar bukatuko da, Antzizar kiroldegiko eskalada saio irekiarekin.
Hamabosgarrena «anbizio handiz» prestatutako mendi astea zela nabarmendu zuten Beasaingo Arrastaka eta Aizkorri mendi elkarteetako kideek, eta hala suertatzen ari da. Orain arteko hiru ikus-entzunezkoek harrera ona izan dute, eta proiekzioen zikloa ixteko antolatu duten azkenarekin gauza bera gertatzea espero da. Luis Arrietaren Mendiak 1976 dokumentala emango dute gaur Usurbe Antzokian, 19:30ean.
Shakhaur (HinduKush, Afganistan, 7.116 metro) mendia jotzen da euskal espedizio batek igotako lehen zazpimilako bezala. Gailur horrek «anonimo aitzindari» bihurtu zuen «ameslari talde» hori. «Istorio ezezaguna da, erronkaz, ametsez eta abenturaz betetakoa da, baita minez ere». Shakhaur jaisten Leandro Arbeloa espediziokidea hil egin zen, eta handik urtebetera baita Javier Pastor ere Julian Lasterrarekin Mont Blanceko Couloir Gervasuttiko eskaladan.
«Ametsez zein zorigaitzez beteriko istorioa» ezagun egiteko zuzendu zuen dokumental hori Arrietak. 2021eko Mendi Film Festival irekiera galan «estreinaldi arrakastatsua» izan zuen, eta besteak beste, Publikoaren saria eta Goi-mendiko film onenaren sariak irabazi zituen.
Eskalada saioa Antzizarren
Mendi astea bukatzeko eskalada saio irekia egingo dute bihar, larunbata, Antzizar kiroldegiko rokodromoan. Haur nahiz helduek modalitate honetan lehen urratsak egiteko aukera izango dute. Goizean (10:00-14:00) eta arratsaldean (16:00-19:30) egongo da zabalik eskalada gunea.