Nerea Elustondok bihar du txapelketaren bigarren saioa
Txapelketako bigarren finalaurrekoan ariko da, 17:00etan hasita, Donibane Garaziko Jai Alai pilotalekuan.
Nerea Elustondo legazpiarrak bihar ekingo dio Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren faseari, Donibane Garazin (Nafarroa Beherea). Txapelketako bigarren finalaurrekoa izango da jokoan, 17:00etan hasita, Jai Alai pilotalekuan. Saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke, eta pilotalekuan bertan ere erosteko aukera izango da, 15:00etatik aurrera.
Elustondorekin batera, Aitor Etxebarriazarraga, Amets Arzallus, Asier Azpiroz, Haritz Mujika eta Oihana Iguaran ariko dira bertsotan bihar, gai-emaile lanetan Zihara Enbeita dutela. Biharko saioaren irabazleak Amurrion kantatuko du finalaurrekoen bigarren itzulian, azaroaren 19an. Aurreko astean Alaia Martin sailkatu zen, Elizondon (Nafarroan).
Bertsolariek honako lanei egin beharko diete aurre, guztiak gaia emanda: binaka, hiruna bertso zortziko handian eta beste hiruna zortziko txikian; binaka zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte; binaka, hiruna bertso sei puntuko motzean; eta ganbarako lana, banaka, hiru bertso doinu eta neurri librean.
Aste honetako finalaurrekoa pasa eta gero, beste bi geratzen dira lehen itzulian: Irungoa eta Durangokoa.