EAJren eta EH Bilduren arteko tentsioa Urretxuko osoko bilkuran
Atzo (osteguna) osoko bilkura egin zen Urretxuko udaletxean. Eguzki parkearen lursailaz eta uraz hitz egin zutenean, EAJre eta EH Bilduren arteko eztabaida piztu zen.
Urretxuko Udalak Urretxuko Ekiola kooperatibako bazkide izatea eta bertako estatutuak onartu zituen. EAJ eta PSE-EEk alde bozkatu zuten eta EH Bilduk abstentzioa eman zuen. Iturbe-Behekoa baserritik gertu eguzki parke bat egingo da eta lehen fasean 600 herritarrek bazkide izateko aukera edukiko dute.
Parkea aldundiaren zortzi hektareatako lursail batean egingo da. Lursail hori Bergarara doan autobidea egiteko kendu zen lurrarekin bete zen. Lur hori desjabetu egin zen eta egun aldundiaren esku dago. Lehen sektorerako eta Urretxuko Ekiola egitasmorako erabiliko da. Ekiolak lursailaren 1,5 hektarea hartuko ditu.
EH Bilduko Nekane Oruesagastik lehen sektorerako lursaileko zein zati erabiliko den eta eguzki parkerako zein zati erabiliko den argitzea eskatu zuen. “Inguruan bizi direnekin hitz egitea aberasgarria izango litzateke. Bestalde, ez dakigu lursaileko aldapa eguzki parkerako erabilgarria den”.
Jon Luqui alkateak lursaila harriekin bete zela eta Urretxun dagoen lursailik artifizialena dela esan zuen. “Desjabetzea egon zen eta ingurukoei ordaindu egin zitzaien. Ondorioz, lursaila gipuzkoar guztiona da. Proiektuak esango du eguzki parkea non kokatu. Logikaz, ez dela etxeen ondoan jarriko pentsatzen dut. Baina oraindik ez dago proiekturik”.
Lehen sektorerako gorde daitekeen lursail zatiaz ere esan zuen. “Nork erabiliko du? Goierriko mailan erabiliko da edo desjabetuek erabiliko dute? Inor ez da proiektu batekin etorri. Eguzki parkearen proiektua eskuartean dugunean, ingurukoekin hitz egingo dugu. Urretxuko Udalak ingurukoekin konpromisoa zuela esan izan da, baina hori ez da inon azaldu idatzita. Normala da inork bere etxe aurrean halako zerbait jartzea nahi ez izatea, baina parkea ez da edozein modutara egingo. 80.000 metro koadrotik 15.000 hartuko ditu. Toki asko geratuko da beste gauza askotarako. Proiektuak aurkeztea eskertuko nuke”.
Parkearen kokapenari dagokionez, Igor Zubillaga zinegotziak ingeniari batek aldapan eraginkortasuna galtzen dutela esan ziela aipatu zuen. “Ba al dago herrian eguzki plakak jartzeko egokia den beste toki bat?” galdetu zuen alkateak.
Osteguneko osoko bilkuran, udalak enpresa sorkuntza sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko laguntzak eta Bono Denda 2022 kanpaina ere onartu zituen. Udalak 16.000 euro bideratuko ditu enpresa sorkuntzara eta lehiakortasuna hobetzera. Bono Denda 2022 kanpainari dagokionez, jaurlaritzak bono gehiago kaleratzea erabaki du soberakin batzuk baliatuz. Orain arte parte hartu duten udalei berriro parte hartzeko aukera eskaini die eta udalak baiezkoa eman du. Kanpaina hilaren 17an hasi zen eta abenduaren 4an amaituko da. Urretxun 22 merkatarik parte hartzen dute. Alderdi guztiek alde bozkatu zuten.
Ur horniduraren inguruko gaian, ordea, ez zen adostasunik egon. EAJ eta PSE-EEk ikerketa batzordearen izendapenaren alde bozkatu zuten eta EH Bilduk aurka bozkatu zuen. “Kontratua besterik gabe luzatu beharrean, ikerketa batzordea eratu dugu gaiari eusteko. Zerbitzuaren memoria egingo du. Ondoren, ez dakit zein kudeaketa sistema hautatuko den”, esan zuen Luquik.
PSE-EEko Nati Nievesek prozesua “luzea” izango dela eta hurrengo legealdian udaletxean daudenak adostasun batera heltzea espero duela gehitu zuen.
Oruesagastik udalak Aquarberekin duen kontratua bertan behera uztea espero zutela esan zuen. “Ur batzordea behin bakarrik egin da eta, bat-batean, Antolakuntza batzorde batean, Ikerketa batzordearen gaia azaldu zen. Bost urteko luzapenera goazela iruditzen zait”.
Luquik uraren inguruan entzun dituen gehienekin ez dagoela ados esan zuen. “Modu oso espontaneoan plataforma plural bat sortu zen. Joko politikoa da. Herriaren zati batek eredu jakin bat aldarrikatzen du. Bi eredu daude eta debate hori etxe honetan egiteko aukera zabaldu dugu. Behingoz, zer dagoen jakiteko. Ura publikoa da eta denok ordaindu behar dugu”.
Erreguen eta galderen tartean Oruesagastik hitza hartu zuen. “Batzordeetan galderak egiten ditugunean, ez gaude edonorengatik esaten dituzunak entzuteko”, esan zion alkateari. “Kontuan hartuko dut. Formaz harago, edukia mantenduko dut. Esan beharrekoak esan egin behar dira kontestua ulertzeko”, erantzun zuen alkateak.