Giro ederra Legorretako Gazte Festetan
Herri bazkaria eta musika izango dira gaurko ekintza nagusiak. Biharko bertso saioa eta asteleheneko kuadrillen arteko gazte jokoak, nabarmentzekoen artean.
Gazte Festen egun handia dute gaur Legorretan. Atzo hasita astelehenera arte egitarau oparoa antolatu du 23.enez Legorretako Gazte Asanbladak. Plazako frontoian herri bazkaria egiten ari dira ia 200 bat gazte. Albisu trikitilariak girotuko du bazkalostea.
Elektrotxarangak girotuko ditu kaleak arratsaldean, baina gauean ere musikaz gozatzeko aukera izango da: Onlifly (Getaria), DJ Tintz (Zumarraga) eta The Clayton (Aramaio) taldeek kontzertuak eskainiko dituzte.
Bihar, Odei Lopez, German Urteaga, Maddi Aiestaran eta Gorka Maizekin bertso saioa izango da 18:30ean. Aizpea Garmendia arituko da gai jartzaile lanetan. Astelehenean, buruhandiak izango dira 16:30ean eta kuadrillen arteko gazte jokoak ondoren, 17:00etatik aurrera. Basabe garagardoa dastatzeko aukera eskainiko dute 18:00etan. Dastatzea Bassagain Soinu Sistemak girotura egongo da. Amaitzeko kontzertu hirukoitza ere antolatu dute Etxepe, Bassagain eta Baloon Frame taldeekin.
Aipatutako ekintza guztiak plazan jarritako karpan izango dira. Aiuri Talde Feministak eraso matxisten aurkako protokoloa ere prest du, Gazte Festetan ez baitute “inolako eraso sexistarik onartuko”.
Ikusi argazki galeria jarraian: