Banatu dituzte pintura lehiaketako sariak
Aitor Renteria donostiarrarentzat izan da lehendabiziko saria, bigarrena Santiago Entrenak jaso du eta hirugarrena Urretxuko Elixabete Mendiak.
Urretxuko Juan de Lizarazu erakusketa gelan izan berri da Urretxuko eta Zumarragako 39. Pintura lehiaketako sari banaketa ekitaldia. Aitor Renteria donostiarrarentzat izan da lehendabiziko saria (750 euro) Reencuentros izeneko lanagatik. Eibarko Santiago Entrenaren Nebulosa margolanak jaso du bigarren saria (550 euro), eta Urretxuko Elixabete Mendiaren Ekaitza eta gero-rentzat izan da hirugarren eta azken saria (300 euro).
Guztira 69 lan aurkeztu dira aurten pintura lehiaketara. Aitor Etxeberria, Ana Cabezas eta Aitor Sarasketa margolariek osatu dute epaimahaia. Etxeberria izan da sari banaketa ekitaldian epaimahaiaren ordezkaria eta baita Maialen Fidalgo eta Arantxa Gonzalez, Urretxuko eta Zumarragako zinegotziak ere. Aurkeztutako lan guztien maila goraipatu dute, “gero eta maila altuagoa” dagoela azpimarratuz, eta irabazleak aukeratzea “lan zaila” izan dela aitortu dute.
Irabazleak pozik
Urretxutik Legazpirako irteera irudikatu du Mendiak Ekaitza eta gero lanean. Fabrikak ikusi daitezke errepidearen alde banatan eta herri irteerako biribilgunea erdian, “irudikatzeko perspektiba interesgarria iruditu izan zait beti eta buruan aspalditik nuen paisaia hori margotzeko ideia”. Ingurua elurrez estalita ageri da, hortik lanaren izenburua. “Gustuko dut elurrezko paisaiak margotzea, argi-joko interesgarriak eskaintzen dituelako”, esan du. Akuarelan egindako margolana da.
Renteriak margolan ezberdin bat aurkeztu du, mota honetako pintura lehiaketetan aurkeztea ohikoak ez diren horietakoak. Epaimahaiak hain zuzen, lan honen sormena azpimarratu du. Lana osatzeko material ezberdinak erabili ditu Renteriak, metakrilatoa tartean. “Xafla ezberdinak erabilita egin ditut konposizioak. Zerbait ezberdina egin nahi nuen”, adierazi du. Orain urte batzuk Urretxu eta Zumarragan bigarren saria irabazi zuela oroitu du. Pozik zen gaur lehendabizikoa irabazita.
Sentimenduak adierazi nahi izan ditu Entrenak akuarela lan honekin. Beregan ohikoa ez den arren —figuratiboan gehiago lan egiten duelako— barrura begirako lana da Nebulosa. Lan monokromatikoa da, normalean kolore asko erabiltzen dituen arren. Beltzak, grisak eta zuriak dira nagusi, eta itsasoa eta lainoak irudikatu ditu, sarri adierazteko zailak diren sentimenduak irudikatzeko.