Goierritarrez osatutako bertso-saioa Legorretako Gazte Festetan
Legorretako Gazte Festetako igandean goierritarrez osatutako bertso-saioa egin dute. Odei Lopez, German Urteaga, Maddi Aiestaran eta Gorka Maiz izan dira kantuan gaurkoan.
Legorretako XXIII. Gazte Festak antolatu dituzte urriaren 28tik 31ra bitartean. Ostiralean hasi zuten jaia txupinazoarekin eta buruhandiekin eta pintxopotearen ondoren mus txapelketarekin eman zien amaiera jaietako lehen egunari. Larunbatean, aldiz, herri bazkaria izan zuten eta Elektrotxorongo elektrotxarangak girotu zuen arratsaldea. Gauean, Onlifly, The Clayton eta Tintz izan zituzten plazan jarritako karpako oholtzan.
Gaurkoan, arratsaldeko 18:30etan bertso-saioa izan dute eta ez edonolako bertso-saioa, gainera, goierritarrez osatutakoa izan baita. Odei Lopez legorretarra, German Urteaga eta Maddi Aiestaran beasaindarrak eta Gorka Maiz gabiriarra izan dira gaurkoan kantuan, hitzekin jolasean. Gai-jartzaile lanetan Aizpea Garmendia lazkaotarra ibili da. 60 bat pertsona elkartu dira plazako karpan bertso-saioaz gozatzeko asmoz eta orokorrean ikusleak gustura atera dira bertan entzundakoarekin.
Lehenik eta behin Aizpea Garmendiak saioari hasiera eman dio, hasierako agur bana eskatuz bertsolariei. Ondoren, binaka hasi dira kantuan. Gorka eta Germanen txanda izan da lehenengoa eta Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusia martxan dela kontuan izanik, hau hartu dute hizpide. Jarraian, Maddi eta Hodei aritu dira, merkatari paperean sartuta, martxoaren 8a, ekainaren 28a edota horrelako beste hainbat data puntual gehiago saltzeko trikimailutzat erabiltzearen inguruan.
Banaka aritzeko tartea hartu dute segidan eta Germanen txanda izan da eta gaitzat harreman toxikoak izan ditu, lagun baten ikuspegitik. Ondoren, Hodei eta Gorka aritu dira, bikote paperean. Gorkak Hodeiri asteburupasa bat proposatu eta Gazte Festak direla eta ezezkoa eman diolako egoerari buruz kantatu dute. Jarraian koplen tartea hasi da. German eta Hodei kirol entrenatzaile paperean aritu dira, eta Maddi eta Gorka, aldiz, entrenamendu zerbitzu hori eskatu dutenenean.
Saioak aurrera egin ahala, berriro banakako txanda iritxi da, eta Hodei jarri dute mikrofono aurrean, besteek “kalabazak eman” dizkielako egoeran, eta gainontzeko bertsolariek erantzuteko aukera izan dute. Ondoren, Gorka eta Maddi aritu dira binaka, euskalgintza hizpide. Saioa amaitze aldera, pertsonaia ezkutuaren ariketa egin dute. Lehenengo Hodei aritu da asmatzen eta Gorka pistak ematen, pertsonaia ardia zutela. Nahikoa kosta zaio Hodeiri pertsonaia asmatzea eta pista artean jolasean aritu da Gorka. Aizpeak emandako bigarren pertsonaia Oihana Iguaran bertsolaria izan da eta aise asmatu du Germanek Maddik emandako pistekin. Jarraian, gai librea izan dute puntuka aritzeko eta azkenik, agur bana eskaini dute saioari amaiera emateko.