Hiru Auzoetako Korrikaldia beti bezain herrikoi eta podiumeko lehen postuetan goierritarrak
Hiru Auzoetako Korrikaldia izan dute Ataunen gaurkoan. San Martingo plazatik abiatu, San Gregoriotik pasa eta Aiaraino joan dira korrikalariak. Alexander Oiarbide ordiziarra eta Irati Zubizarreta beasaindarra gailendu dira lasterketan.
XLI. Ataungo Hiru Auzoetako Korrikaldia izan dute gaurkoan ataundarrek igandea alaitzeko. San Martingo plazatik abiatu, San Gregorio auzoa igaro eta Aiaraino joan dira, eta bide beretik itzuli; betiko itzuli bera, 17,3Km-rekin, ohi bezala.
Goizeko 11:00etan puntuan abiatu dira korrikalariak San Martin auzoko plazatik, helmuga zuten puntu beretik, abiadura handian lehenak gainera. 82 parte-hartzaile izan dira guztira, horietako asko goierritarrak eta goierritarren artean gehiengoa ataundarrak.
Hiru Auzoetako Korrikaldiari behin hasiera emanda, etxeko txikien txanda izan da. Haurrek ere izan dute haien tartea gaurko egunean eta korrika egiteko aukera ere bai. 3 urtetik hasi eta 12 urtera bitarteko haurrek lasterketak egin dituzte, bakoitzak bere adinaren araberako ibilbideak eginez. Zaharrenak hasi dira eta ondoren, lasterketa guztiak jarraian egin dituzte, txikienetara iritsi arte. Haurrek ere parte hartzeak guraso eta haur ugari erakarri ditu Goierriko txoko desberdinetatik, lasterketa are herrikoiagoa eginez. Behin lasterketa amaituta goxokiak eman dizkiete parte-hartzaileei.
Helduen lasterketako lehenengoak ezarrita zegoen marka hautsiko ote zuen ala ez zain egon da jendea helmugan, baina gaurkoan lehenengoa izan den Alexander Oiarbidek ez du marka berririk ezartzerik lortu. Hala ere, aurten ere lehenengoak ordu betetik beherako denbora beharko zuela ibilbidea osatzeko ziurtasuna zuen antolakuntzak, eta hala izan da, 59.minutuan iritsi da Oiarbide ordiziarra helmugara. Emakumezkoetan Irati Zubizarreta beasaindarra izan da lehena.