Jendetza Zaldibiako Ardiki Egunean
Jendetza elkartu da Zaldibiko Ardiki Egunean. Azoka izateaz gain mondeju onenaren eta gazta onenaren sariak banatu dituzte eta giro bikaina nagusitu da.
Goizean goizetik mondejua jaiaren protagonista edo erdigune. Ardiki egunaren aurtengo edizioan ere artzaintzari eta Zaldibian horren ezaguna den mondejuari keinu berezia egin diete, hauen omenezko jai bilakatuz eguna. Ardiki Eguneko Batzordearen eta Zaldibiko udalaren eskutik antolatutako jaia da eta urtero-urtero urriko azken igandean izaten den jaia da. Aurten ere jendetza izan dute goiz-pasa, azoka ikusi, mondejua jan, giroaz gozatu… XXVII. Mondeju lehiaketa eta XXIV. Aralar Gazta lehiaketa ere izan dituzte gaurkoan.
Sekulako azoka izan dute, plazaren gehiengoa eta Santa Fe kalearen zati bat izan dira azokako eremuak, baita Toki Alai pilotalekuko ezker pareta ere. Denetariko produktuak ikusi ahal izan dituzte gerturatu direnek. Egurrez eginiko zenbait produktu zeuden, hala nola, sukaldeko tresnak, egurrezko aulki bereziak, jostailu tradizionalak,… Janariak ere izan du bere tartea azokan. Mondejuaz eta gaztaz gain ogia, pastelak, erroskilak, eztia, arraina, fruta, taloak eta abar. Horrez gain, arropa, jostailu, bitxi zein dekorazio tresnaz bete dute Zaldibia. Jendetza eta giro bikaina nagusitu dira azokan eta aipatu dutenaren arabera, salmentak <<nahiko ondo>> joan dira, batez ere janariari eta objetu tradizionalei dagokienean.
Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso izan dituzte bertsotan goizean zehar Toki Alai pilotalekuko eszenatokian, XXVII. Mondeju lehiaketako eta XXIV. Aralar Gazta lehiaketako epaimahaiak lanak amaitu bitartean. Ordubaterako amaituta zituen lanak iada eta sari banaketari hasiera eman diete, modurik berezienean. Bertso bitartez eman dituzte irabazleen izenak, postu bakoitzeko bertso bat botaz irabazlea iragarriz. Lizasoren lana izan da Mondeju Lehiaketako irabazleak iragartzea eta Egañarena, aldiz, Gazta Lehiaketakoak aipatzea.
“Beko Karnizerie” izan da mondejugile onena eta atzetik Juan Mari Galarza eta Illati Taberna izan dituzte. Gaztagileen artean, aldiz, Joseba Insausti ordiziarra gailendu da, beste urte batzuetan ere irabazle izan den gaztagilea. Atzetik Katxiñeko Inazio Irastorza eta Borda Berriko Iker Sukia izan ditu.
Sailkapena
XXVII. Mondeju Lehiaketa
- Beko Karnizerie
- Juan Mari Galarza
- Illat Taberna
XXIV. Aralar Gazta Lehiaketa
- Joseba Insausti
- Inazio Irastorza (Katxiñe)
- Iker Sukia (Borda Berri)