Movember kanpainan parte hartzeko deia egin du MoHerri taldeak
Gizonen osasunaren inguruan kontzientziatzea eta ikerketarako diru bilketa egitea dira helburuak. Azaroan zehar burutuko da kanpaina. Ekintza ugari izango dira Beasainen, Lazkaon eta Ordizian.
Azaroarekin batera martxan jarriko dute Movember kanpaina, Goierriko MoHerri taldearen ekimenez. Hiru helburu nagusi ditu kanpainak. Batetik, gizonei eragiten dien minbiziaren aurkako ikerketarako diru bilketa egitea. Kanpainaren aurkezpenean azaldu zutenez, Movember fundazioa sortu zenetik, «950 milioi euro baino gehiago» bildu dira, eta horrekin, «1.200 ikerketa programa baino gehiago» diruz lagundu dira, mundu osoan zehar. Bestetik, prebentzioak duen garrantziaz kontzientzia sortzea. Eta azkenik, buru osasunaren inguruan ere arreta jartzea.
Egitarau zabala
Helburuak betetzeko proposamen desberdinak iragarri ditu Goierriko MoHerri taldeak, eta horrekin batera, parte hartzeko deia egin diete herritar guztiei.
Diru ekarpena egiteko aukera egongo da. Eltxetxuak ipiniko dituzte Lazkaoko, Ordiziako eta Beasaingo taberna eta dendetan. Gainera, kapelak, buffak, kamisetak, txapak, poltsak eta motxilak jarriko dituzte salgai: Ordizian, Olano, Sugaar, Amonane, Kirkil, Gamba eta Nerea tabernetan; Beasainen, Plazape, Erronka, Arkupe eta Orient tabernetan; eta Lazkaon, Koxkor tabernan. Gainera, hiru herrietako asteroko azoketan ere jarriko dituzte postuak.
Umoreak ere izango du lekua. Azaroaren 4an, bakarrizketa saioa izango da Lazkaon. JJ Vaquero izango da gonbidatu nagusia eta Alex Rabanalek osatuko du kartela. Kike Bigurik aurkeztuko du saioa. Lazkaoko Areria aretoan izango da emanaldia, 19:00. Sarrerak 10 euro balio du, eta Lazkaoko Udalaren webgunean eros daitezke.
Movemberreko klasikoetako bat mantenduko dute aurten ere. Pintxo-bibotea egingo dute azaroaren 10ean Beasainen, azaroaren 17an Lazkaon, azaroaren 22an Ordiziako auzoetan eta azaroaren 30ean Ordiziako herrigunean. Garaguneko eta Atzegiko lagunek, egun horretarako biboteak prestatuko dituzte.
Azaroaren 26an, berriz, paella jana egingo dute, Lazkaon. Txartelak salgai daude 7 euroren truke.
Kanpainarekin bat egiteko modu gehiago ere izango da. Ordizian, Bareak eta LazkaOn merkataritza elkarteen laguntzarekin, Goierriko hiru bibote ederrenak sarituko dituzte. Sare sozialen bidez egingo dute lehiaketa. Kirol taldeen babesa ere izango dute aurtengoan ere.
Azkenik, gogoratu dute, Ordiziako Irene, Alazne eta Manolo, eta Lazkaoko Dama ile-apaindegietan biboteak dotore-dotore jartzeko aukera izango dela.
2008tik Goierrin
2003 urtean Melbourneko gazte talde batek bibotea hazten uzteko ideia izan zuen, prostatako minbizia zuen lagun bati laguntzeko. Hurrengo urtean, Movember fundazioa sortu, eta harrezkero, herrialdez herrialde zabaldu da. Horrela hasi zen Movember mugimendua. Azaroan egiten da kanpaina hau, eta hilabetea hastearekin batera, ohikoa da gizon askok bibotea uztea, bibotea bihurtu baita, kanpainaren ikurra.
Goierrira ere aspaldi iritsi zen eta ondo errotu da; Ordizia errubgi taldeko jokalari izan zen Phil Huxford Zeelanda Berritarraren eskutik, 2008an. Ondoren, Paul Healy entrenatzaile australiarraren etorrerarekin, eta 2012tik aurrera, zabaltzen joan zen, eta duela urte batzuk, herritar talde batek, MoHerri taldea sortu zuen.