Ordizia Txapeldun gazta lehiaketa egingo dute asteazkenean
Euskal Jaietan egiten den Ardi Latxaren esnearekin egindako gazta lehiaketaren azken hamar urteetako (2013tik 2022era) irabazleek parte hartuko dute.
Ordizia Txapeldun gazta lehiaketa egingo dute, etzi, asteazkeneroko azokaren batera, Ordiziako Plaza Nagusian, 10:30etik aurrera. Bertan, Euskal Jaietan egiten den Ardi Latxaren esnearekin egindako gazta lehiaketaren azken hamar urteetako (2013tik 2022era) irabazleek parte hartuko dute. Ekitaldia Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiak eta Udalak antolatzen dute, Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzarekin.
Ondorengo gaztagileak izango dira: 2013ko irabazle Ricardo Remiro Aguirre (Remiro-Eulate); 2014ko irabazlea Karmele Murua (Ondarre-Segura); 2015ean irabazle izan zen Jon Etxebarria (Ipiñaburu-Zeanuri); 2016ko irabazlea izan zen Joseba Insausti (Otatza-Ordizia); 2017ko irabazlea Jose Luis Odriozola (Agerreburu-Aia); 2018 eta 2019ko irabazlea, Julen Arburua (S.C. kortaria-Lekaroz); 2020ko irabazlea, Patxi Lopez de Uralde (Larreako gazta-Larrea); iazko txapelduna, Eneko Goiburu (Ondarre-Segura); eta irailean txapelketa irabazi zuen La Leze (Illarduia).
Hamar horien artean, hiru gazta onenek izango dute saria. 300 euro irabazleak, 200 euro bigarrenak eta 100 euro hirugarrenak. Gainera, hamarretik zazpiko puntuazioa gainditzen badute, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratzeko aukera izango dute. Lehenengoak, Urrezko Gazta irabaziko luke, zortzi puntu eta erdi baino gehiago lortuz gero.
Txapeldunen artean txapeldunak aukeratzeko ardura izango dute, Patxi Perez Elortondo eta Maria Jose Garcia teknikoek, Gorka Rico Tolosako Ama jatetxeko sukaldariak, Arantxa Agirrezabala Beasaingo Kattalin erretegiko arduradunak, Eli Belaunzaran El Diario Vascoko kazetariak, Aitzol Zugasti Noticias de Gipuzkoako kazetariak eta Mikel Ubarrechena Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko presidenteak.