Alexander Oiarbide eta Irati Zubizarreta, garaile Hiru Auzoetako Korrikaldian
Andoni Saldiasek eta Jabi Gasanzek osatu dute gizonezkoen podiuma, Eneritz Iraolak eta Janire Agirrek, berriz, emakumezkoena. Haurren lasterketa ere jokatu da
41. Ataungo Hiru Auzoetako Korrikaldia izan zuten ataundarrek igandea alaitzeko. San Martingo plazatik abiatu, San Gregorio auzoa igaro, Aiaraino joan, eta bide beretik itzuli behar izan zuten; betiko itzuli bera, 17,3 kilometro luze.
Goizeko 11:00etan puntuan abiatu ziren korrikalariak San Martin auzoko plazatik, helmuga zuten puntu beretik, abiadura handian lehenak gainera. Helduen lasterketan, orain arteko marka onena hautsiko ote zen ala ez zain egon zen jendea helmugan. Alexander Oiarbide ordiziarra izan zen azkarrena, baina ez zuen marka berririk ezartzerik izan. Hala ere, antolakuntzaren iragarpenak bete ziren; aurten ere lehenen sailkatuak ordu betetik beherako denbora beharko zuela esan, eta hala izan zen, 59:47 minutuan iritsi zen ordiziarra helmugara. Andoni Saldias izan zen bigarrena (1:00:18) eta Jabi Gasanz hirugarrena (1:00:58)
Emakumezkoetan, Irati Zubizarreta beasaindarra izan zen lehena (1:12:54), bigarren Eneritz Iraola (1:18:05), eta hirugarren, Janire Agirrek (1:18:51).
Herriko lehenen sailkatuak izan ziren Mikel Auzmendi eta Janire Agirre.
Guztira, 82 parte-hartzaile izan ziren, horietako asko goierritarrak eta goierritarren artean gehiengoa ataundarrak.
Haurren lasterketa
Hiru Auzoetako Korrikaldiak parte hartzeko aukera izan zuten etxeko txikienek ere. Hiru urtetik hasi eta hamabi urtera bitarteko haurrek lasterketak egin dituzte, bakoitzak bere adinaren araberako ibilbideak eginez.
Zaharrenak hasi ziren eta ondoren, lasterketa guztiak jarraian egin zituzten, txikienetara iritsi arte. Probako lasterkari gazteenak animatzen izan ziren guraso eta lagunak, Goierriko txoko desberdinetatik etorritakoak, lasterketa are herrikoiagoa eginez. Behin lasterketa amaituta goxokiak eman zizkieten parte-hartzaileei.













