Sprilurrek udal tasa gutxiago ordaindu beharko ditu horrela, eremu horretan egiten ari den lanengatik.

Sprilur sozietate publikoa Sidenor industriagunean egiten ari den obrak interes berezikoak eta udal onurakoak izendatu zituzten aho batez, joan den astean Legazpiko Udalak egindako osoko bilkuran. Ondorioz, Sprilurrek obra baimen gisa udalari ordaindu beharreko tasa %95ean murriztuko da. Izendapenaren atzean inguruabar sozialak, kulturalak, historiko-artistikoak eta enplegua sustatzekoak daude.
Osoko bilkuran alkateak azaldu zuenez, 2009an Gerdau konpainiak Legazpiko lantegiko jarduera gelditzea erabaki zuen, 260 langileri eraginez. Langile gehienak taldeko beste lantegi batzuetara joan baziren ere, fabrikaren itxierak herrian “ziurgabetasuna” eragin zuela eta 145.000 metro koadroko industria lurzorua hutsik geratzea ere ekarri zuela gogoratu zuen.
Lurzoru horri irtenbidea emateko, 2015ean udalak Sprilur elkarte publikoarekin hitzarmen bat sinatu zuen, eta aurrerago, 2018an, 9 milioi euroko inbertsioa eginez, erakunde horrek eremu guztia erosi zuen. Orain, 14 milioiko proiektu bat du indarrean bertan, industria jarduera berriz ere martxan jartzeko, eta hasita daude obrak. Obra horiek interes berezikoak eta udal onurakoak izendatuta, eta ondorioz obrengatiko udal tasa horiei uko eginda, “Legazpiko Udalak bere ekarpena egiten dio inguru horren berreskuratzeari”.
Beste gai batzuk
Urriko osoko bilkuran beste hiru gai ere aztertu ziren, eta horien artean aurtengo aurrekontuetan kreditu aldaketa bat egitea onartu zuten aho batez. Kreditu aldaketa 310.500 eurokoa da, eta honako gai hauetarako izango da: Gizarte Zerbitzuetatik familia esku-hartzerako kontratua egiteko, kiroldegiko igerilekuetan basoa konpontzeko, Urtatzako bi gunetan arrapalak egiteko, Arrobin hezeguneak aztertzeko eta lursail batzuk erosteko, eta Mirandaolan elkargune bat egokitzeko.
Bestetik, Agitax elkarteak egindako eskariari erantzunez, herriko taxi zerbitzuaren tarifetan %10,5eko igoera aplikatzea ere onartu zuten aho batez, baita Zumarragako altzairutegien inguruan –lehengo Arcelor– Urretxu, Zumarraga eta Legazpiko udalek Sprilurrekin hitzarmen bat zinatzea ere.