Buztintegiren belaunaldien arteko jokoen finalak hilaren 9an izango dira
Jubilatu eta pentsionisten elkarteak urtero antolatzen dituen karta eta mugimendu jokoak herri guztira zabaldu dituzte aurten. 253 partaide izan dituzte.

Buztintegi elkarteak bere 25. urteurrena ospatzeko antolatu dituen belaunaldien arteko jokoak amaierara iritsi dira, eta finalak hurrengo asteazkenean, hilak 9, jokatuko dira Gizarte Zentroan 18:00etan. Ondoren, 19:00etan, sari banaketa ekitaldia egingo dute.
Jubilatu eta pentsionisten elkarteko zuzendaritzako kide den Juanjo Zubillagak eta udaleko gizarte gaietako zinegotzi Maite Lonbidek eman dute final horien berri, partaidetza altua nabarmentzearekin batera. Buztintegik urtero antolatzen dituen karta eta mugimendu jokoak dira, baina aurten herriko beste elkarteei eta ikastetxeei luzatu diete parte hartzeko gonbidapena. Guztira 253 legazpiarrek hartu dute parte, eta “oso pozik” daude deialdiak izan duen erantzunarekin.