Legazpiko lehen lantegiei buruzko erakusketa irekita egongo da asteburuan
Herritarren aldetik izan duen harrera ona ikusita, luzatu egin du egutegia Lenbur Fundazioak.
Lenbur Fundazioak lehengo paper lantegiko Fabrika gunean ikusgai jarri duen Legazpiko lehen fabrikak aldi baterako erakusketa ikusteko aukera izango da asteburu honetan ere. Jendearen aldetik izan duen harrera ona ikusita, luzatzea erabaki dute. Bihar larunbata 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara bitartean egongo da irekita, eta igandean, 11:30etik 13:30era artean.
Erakusketa honetan burdinolen gainbeheraren ondorengo industrializazioaren hasiera kontatzen da. Burdinolen krisialditik abiatzen da Legazpiko lehen fabrika haien kontakizuna, eta gaur egunera arte iritsi diren fabrikekin amaitzen da. Herrian sortu ziren enpresak, landu ziren sektoreak, egiten zituzten produktuak, enpresariak eta langileen testigantzak ezagutzeko aukera dago bertan.