Filipinak kaleko lanak bukatu dituzte
Irisgarritasuna hobetzeko lanak egin dituzte. 50.000 euro baino gehiago bideratu dira lan horietara.
Filipinak kaleko lanak amaitu dituzte dagoeneko. Irisgarritasuna hobetzeko lanak izan dira, Ordizia 2030 Ekintza Planean jasotako irisgarritasun neurrien barruan jasotakoak. Oinezkoen lehentasuna bermatzeko helburuz, 50.000 euro baino gehiago bideratu ditu Ordiziako Udalak lan horietara. Irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzea “ezinbestekotzat” jo ditu udalak.
Ohar baten bidez adierazi duenez, “Filipinak kalea orain askoz ere seguruagoa da oinezkoentzat”. Egitura berriak sortu dituzte espaloietan, errepidea hobeto ikustea ahalbidetzen dutenak. “Hala, oinezkoek begirada hutsez ikusiko du errepidea gurutzatzerako orduan eta autorik badatorren ala ez”. Errepidearen eta espaloiaren maila ere berdindu dute, mugikortasuna errazteko. Ondorioz, autoen abiadura ere murriztuko da.
Pertsona itsuek egitura berriak non dauden jakin ahal izateko, lurreko baldosa bereziak jarri dituzte. “Oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko konpromisoa” agertu du udalak.