Ormaiztegiko Mendi eta Abentura Asteak ikuskizun eta jarduera sorta bat eskainiko du
Azaroaren 8an, asteartearekin hasiko da egitaraua, Laponiako ikus-entzunezko batekin. Goi mendietako espedizioen berri ekarriko dute mendizaleek. Txema Ainz zena omenduko dute ostegunean. Koke Lasa ormaiztegiarrak ere parte hartuko du.
Goi mailetako mendigoizaletasunaren laburbilduma izango da, beste urte batez, Ormaiztegiko Mendi eta Abentura Astea. Bihar (asteartea, azaroak 8) hasiko da 29. ekitaldia, eta igandera arte, maila goreneko espedizioak, kirol lorpenak eta kirolariak pasatuko dira.
Ukitu herritar nabarmena izango du ostegunak, gainera. Ormaiztegi Kirol Elkarteko lehendakari urte askoan izan zen Txema Ainz zena omenduko dute, batetik. Iaz hil zen. Kirolzale gartsua, Mendi Astearen antolakuntzan ere lan egin zuen. Ormaiztegiko gizarte-etxean –han dira emanaldi guztiak–, ostegunean 19:00etan egingo dio mendiko taldeak Ainzi omenaldia.
Ondoren, Koke Lasa ormaiztegiarraren Aketegiko Mari: alpinismoa eta mitologia uztartzen ikuskaria ikusi ahal izango da.
Gainerantzean, Laponiako parajeak eta ibilbideak ezagutu ahalko dira Mendi Asteari hasiera emateko, bihar, Leire Urretxo eta Nerea Iztuetaren eskutik. Iban Toledo zinema-zuzendari ordiziarrak, bere aldetik, John Muir Trail argazki erakusketa jarriko du, bihar (azaroak 8) ireki eta abenduaren 18ra arte, gizarte-etxean bertan. Ekaitz Maiz goierritar jatorriko eskalatzailearen Harri gosea lana ere eskainiko dute.
Ohi bezala, Mendi Astea mendi irteera batekin amaituko dute, igandean. Ormaiztegiko plazatik oinez abiatu, eta Aranditik gora Urbizura, Zelandieta, Espainola eta Lierni gainak zeharkatu, eta plazara iritsita bukatuko da ibilaldia, bi ordukoa.
Egitaraua:
- Azaroak 8, asteartea. Leire Urretxoren eta Nerea Iztuetaren ‘Laponia: bakardade zuria’ ikus-entzunezkoa. Gizarte-etxean, 19:00etan.
- Azaroak 9, asteazkena. Donnay anaien ‘Sokak egin gaitu anai’ ikuskaria. Gizarte-etxean, 19:00etan.
- Azaroak 10, osteguna. Txema Ainzi omenaldia. Ondoren, Koke Lasaren ‘Aketegiko Mari: alpinismoa eta mitologia uztartzen’. Gizarte-etxean, 19:00etan.
- Azaroak 11, ostirala. Ekaitz Maizen ‘Harri gosea’ ikuskaria. Gizarte-etxean, 19:00etan.
- Azaroak 13, igandea. Mendi ibilaldia, 09:00etan. Plaza, Arandia, Urbizu, Zelandieta, Espainola, Lierni, plaza (2 ordu). Bukatutakoan, hamaiketakoa. Izen-ematea: kultura@ormaiztegi.eus. Epea: azaroaren 11 arte.
- Azaroaren 8tik abenduaren 18ra. Iban Toledoren ‘John Muir Trail’ argazki erakusketa. Gizarte-etxeko atarian.