Pentsiodunentzako errenta bermatua ezartzeko eskatu diete Goierriko Pentsiodunek Legebiltzarreko talde parlamentarioei
Elkarretaratzea egin dute Goierriko Pentsiodunek goizean, Ordiziako Plaza Nagusian.
Elkarretaratzea egin dute astelehenero bezala Goierriko Pentsiodunek, gaurkoan Ordiziako Plaza Nagusian, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarekin bat eginez. Gutxieneko pentsioak eta diru-sarrerak bermatzeko errenta eskatu dituzte, “pentsio duinen alde”. Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioei ponentzia bat sortzeko eskatu diete, “pentsiodunen errenta bermatua ezartzeko”. Gutxieneko kotizaziopeko pentsioa 1.080 eurora arte osatzeko eskatu dute, 14 ordainsaritan, eta osagarri hori hurrengo urteko aurrekontuetan islatzeko.
Ia bost urte daramate gutxieneko pentsio hori aldarrikatzen. Pentsiodunentzat Lege Organikoaren 18/2008 Legearen 20. C artikuluaren testua berreskuratzea eskatu dute. “Lege horrek LGSaren %100 gutxieneko pentsioa bermatzen dio aurreikusitako baldintzak betetzen dituen pentsiodun bati. Eusko Jaurlaritzak berme hori aplikatzeari utzi zion 2017an”.
Horrela dio elkarretaratzean banatutako oharrak: “18/2008 Legearen 20.c artikuluaren idazketa berreskuratzea, pentsiodunek osatutako bizikidetza-unitateentzat bermatutako gehieneko errenta LGSaren %100ekoa izan dadin pertsona batentzat, LGSaren %125ekoa bi pertsonarentzat, eta LGSaren %135ekoa hiru pertsonarentzat edo gehiagorentzat. Gainera, errenta nahikoa izateko eskubidearen subjektua indibiduala izatea, bizikidetza-unitate batean pentsiodun bat baino gehiago badaude, horietako bakoitzak dagokion osagarria jasotzeko eskubidea izan dezan. Azkenik, etxebizitza berean bizikidetza-unitate bat baino gehiago daudenean prestazioaren % 15eko murrizketa kentzea, hori gobernuak etxebizitza duina eta eskuragarria izateko eskubidea bermatzeko duen ezintasunari erantzuten diolako”.
“Arrazoiak eta baliabideak” badaudela defendatzen dute, “hala nola 188.5M€ aurten, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera EAEra osorik transferitzeagatik, Estatuak finantzatuko duena, deflaktazioarenak PFEZaren tarte guztien % 5,5, soldaten batez besteko igoeraren gainetik, errenta altuenen mesedetan, prezioen igoera kontrolik gabearen ondorioz, edo diruzaintzako geldikina, 1.877 M€”.
Euskal Herriko Emakume Pentsiodunen 2. Batzarra
Aipatutako eskaerak aldarrikatzeko, hainbat mobilizazio deitu dituzte. Azaroaren 19an, Donostiako Alderdi Eder-en elkartuko dira, 17:30ean, Aberastasuna banatu lelopean. Goierriko pentsiodunei dei egin diete mobilizazioan parte hartzeko, “bakoitzaren aukeren arabera”.
Azaroaren 18an, berriz, Gasteizen, Euskal Herriko Emakume Pentsiodunen 2. Batzarra egingo da. “Gaur egun, Euskadin 138.000 pentsiodun baino gehiago daude hilean 681 €baino gutxiago sartzen dutenak (14 ordainsari), pobreziaren atalasea, eta 69.000 baino gehiago hileko 454 €baino gutxiagoko pentsioekin (14 ordainsari), pobrezia larriaren atalasea, AROPE XII. Txosten Adierazlearen arabera. Gehienak emakumeak dira, eta horietako askok 80 urte baino gehiago dituzte eta bakarrik daude”, salatu dute.