Zerga eta tasak izozteko erabakia hartu du Beasaingo Udalbatzak
Urtarriletik aurrera, terrazak erregulatzeko ordenantza berria indarrean sartuko da. Trafiko ordenantzan aldaketak izango dira, oinezkoen segurtasuna bermatze aldera. Goxara enpresarekin hitzarmena luzatu du Udalak. Taxien tarifak %10,3 egingo du gora.
2023 urteko udal zerga eta tasetan ez da igoerarik ezarriko. Hala erabaki zuen Beasaingo udalbatzak urriko osoko bilkuran. Udal gobernuaren proposamenak EAJren (10) eta PSE-EEren (2) aldeko boto eta EH Bilduren (5) abstentzioarekin onartu zen. Beasaingo udaletik azaldu dutenez “udalaren egoera osasuntsuak eta zor bizirik ez edukitzeak ahalbidetu du beste urte bate tasen kopuruak bere horretan uztea”.
Urtarriletik aurrera, terrazak erregulatzeko ordenantza berria
Terrazen udal ordenantza ere behin betiko onartu zuten, kasu honetan, udal ordezkari guztien onespena izan zuen proposamenak. Azken urteetan agertu diren terraza elementu berriak erregulatzea du helburu; oinezko gune eta espaloien okupaziorako baldintzak ipintzen ditu, irisgarritasuna bermatuz eta hiri paisaia zainduz. Urtarrilaren 1etik aurrera, onargarriak izango diren elementuak zehazten eta hauek bete behar dituzten tamaina, kolore eta bestelako ezaugarriak azaltzen ditu ordenantzak. Ostalariek beraien terraza eskakizunak aurkeztu beharko dituzte udaleko hirigintza sailean, arau berrien baitan onartu eta eguneratu daitezen.
Trafiko ordenantzan aldaketak
Urriko osoko bilkuran hartutako beste erabaki bat da, trafiko ordenantzan hainbat aldaketa egitea. Oinezkoen segurtasuna lehenetsiz, bidegurutze arriskutsuak ezabatu, plazetan ibilgailuen joan-etorria murriztu eta oinezko gehien dauden eguneko momentuetan baimena duten ibilgailuentzako sarbideak baldintzatuko dira. Eusko Alderdi Jeltzaleak (10) eta Alderdi Sozialistak (2) baiezko bozka eman zioten proposamenari, eta EH Bilduk (5) abstentziora jo zuen.
Goxara enpresarekin hitzarmena beste urtebetez
Eguneko gai zerrendan ez bazegoen ere, eguneko zentroa eta etxez etxeko zerbitzua eskaintzen duen Goxara enpresari kontratua luzatzeko proposamena bozkatu zuen Udalbatzak, premiazko puntu bezala sartzearen aldeko bozketa eman eta gero. Zerbitzu honen lizitazioari errekurtsoa aurkeztu zitzaionez, prozedura etenda zegoen. Udal gobernuaren esanetan, “funtsezko zerbitzua denez, jarraian etenik gabe ematea beharrezkoa da”. Arrazoi horregatik, osoko bilkurara eraman zen kontratuaren luzapenaren proposamena. EAJk (10) eta PSE-EEk baiezko bozka eman zioten, eta EH Bilduk (5) abstentziora jo zuen. Lizitazioaren erabakiari aurkeztutako errekurtsoa ebazten den arte luzatuko da kontratua.
Taxien tarifa gora
Gai zerrendako beste gaien artean, Gipuzkoako Taxisten Elkarteak, Goiekiren bidez, Goierriko erregimen bereziko eremuan aplikatzeko 2023 urterako tarifen onespena zegoen. Udalbatzak aho batez erabaki zuen, orain arte indarrean zeuden tarifak %10,3 igotzea.