Ikuskizun eta jarduera sorta eskainiko du Ormaiztegiko mendi eta abentura asteak
Gaur hasiko da egitaraua, Laponiako ikus-entzunezko batekin. Goi mendietako espedizioen berri ekarriko dute mendizaleek. Txema Ainz zena omenduko dute ostegunean Gizarte-etxean
Goi mailetako mendigoizaletasunaren laburbilduma izango da, beste urte batez, Ormaiztegiko Mendi eta Abentura Astea. Gaur hasiko da 29. ekitaldia, eta igandera arte, maila goreneko espedizioak, kirol lorpenak eta kirolariak pasatuko dira.
Ukitu herritar nabarmena izango du ostegunak, gainera. Ormaiztegi Kirol Elkarteko lehendakari urte askoan izan zen Txema Ainz zena omenduko dute, batetik. Iaz hil zen. Kirolzale gartsua, Mendi Astearen antolakuntzan ere lan egin zuen. Ormaiztegiko gizarte-etxean han dira emanaldi guztiak, ostegunean 19:00etan egingo dio mendiko taldeak Ainzi omenaldia.
Ondoren, Koke Lasa ormaiztegiarraren Aketegiko Mari: alpinismoa eta mitologia uztartzen ikuskaria ikusi ahal izango da. Lasak azaldu duenez, «ez da mitologia edo alpinismoari buruzko emanaldi soila, kontakizun bat baizik», eta Euskal Herriko paisai ederrez «ezohiko begiradaz» gozatzeko aukera eskaintzen du. Biharamunean, ostiralean, Lasak hitzaldia Legazpiko kultur etxean errepikatuko du.
Gainerantzean, Laponiako parajeak eta ibilbideak ezagutu ahalko dira Mendi Asteari hasiera emateko, bihar, Leire Urretxo eta Nerea Iztuetaren eskutik. Iban Toledo zinema-zuzendari ordiziarrak, bere aldetik, John Muir Trail argazki erakusketa jarriko du, bihar (azaroak 8) ireki eta abenduaren 18ra arte, gizarte-etxean bertan. Ekaitz Maiz goierritar jatorriko eskalatzailearen Harri gosea lana ere eskainiko dute.
Ohi bezala, Mendi Astea mendi irteera batekin amaituko dute, igandean. Ormaiztegiko plazatik oinez abiatu, eta Aranditik gora Urbizura, Zelandieta, Espainola eta Lierni gainak zeharkatu, eta plazara iritsita bukatuko da ibilaldia, bi ordukoa.












