Olanoren odolkia goretsi dute Beasainen, jarraian bederatzigarren aldiz
Puntu alde handia atera dio bigarren sailkatu den Mujika Anaiak harategi beasaindarrari. Lau finalistetatik hiru, Beasaingoak. Zortzi odolkigilek aurkeztu dituzte hestebeteak lehiaketara
Beasaingo Olano harategia jaun eta jabe izan zen larunbatean Beasainen jokatu zen 37. Odolki Txapelketan. Zortzi parte hartzaile izan ziren aurten, azken ekitaldian baino hiru gutxiago, eta «nabarmen» irabazi zuen odolkigile beasaindarrak. Bederatzigarren txapela lortu dute, jarraian gainera. Urtebeterako Beasaingo odolkiaren errege izendapena, garaikurra eta txapela eraman zituzten Juan Manuel Olano eta Loinaz Usabiaga senar-emazteek.
Beasaingo odolkia goresteko txapelketan, herriko egileek hartu zuten ia protagonismo guztia. Lau finalistetatik hiru bertakoak izan ziren: Olano, Mujika Harategia eta Beasainmendiko Odolkiak (Montoia). Kepa Loidi oriotarrak soilik egin zuen zirrikitua ohorezko lekuetan. Hirugarren postua eskuratu zuen.
Zortzi odolki aurkeztu zituztenak, aipatutako laurez gain, Arrasateko (Gipuzkoa) Joxean Izagirre, Zarauzko (Gipuzkoa) Gesalaga, Aiako (Gipuzkoa) Txerritxiki eta Zaldibiako Beheko Karnizeriko Sukia izan ziren. Haiek dastatzen eta epaitzen lau lagun aritu ziren, bi mahaitan jarrita: Arantxa Agirrezabala (Beasaingo Kattalin jatetxea) eta Aitor Arregi (Getariko, Gipuzkoako, Elkano jatetxea) mahai batean, eta Ane Urdangarin kazetari lazkaotarra eta Juan Manuel Garmendia beasaindarra (Fecoga Gastronomia Kofradien Federazioko lehendakaria). Lehen errondan, mahai bakoitzean launa probatu, eta bina izendatu zituzten aurrerako. Finalean, denek dastatu zituzten bereizitako lau odolkiak. Diferentzia espezieetan sumatu dutela argitu dute. Oro har, «oso ezberdinak» ziren odolkiak, epaileen iritzian, eta bakoitzak bere nortasuna edo izaera emateko bereizgarriak zeuzkan.
Oreganoa bakarrik
Bederatzigarren txapela jasota, oso gustura agertu ziren oholtzara Loinaz Usabiaga eta Juan Manuel Olano irabazleak. Odolki txapeldunak asteazkenean egindakoak zirela argitu zuten. «Guk oso espezie gutxi botatzen diegu. Oreganoa bakarrik, eta hori ere bertakoa. Pikante puntua piperminarekin eransten diogu. Besterik ez», azaldu zuen Olanok. Puntuaketan alde dezentekora geratu da bigarrena, eta Olanok daukan nagusitasuna horrek bermatu du.
Joxe Felipe Auzmendi aurkezleak bukaeran ekarri zuen paralelotasuna, pare-parera: «Futbolean hamaikak hamaikaren aurka jokatzen dute, eta beti Alemaniak irabazten du». Bederatzigarrenez jarraian Olanok goian eutsi dio odolkigile kontsakratuaren makilari.












