Bi-Tarteanek festa antolatu du Ber4 kanpainari amaiera emateko
Larunbatean, Bi-Tartean merkatari elkarteak Ber4 kanpainaren amaiera ekitaldia egingo du. Merkatari, elkarte, sortzaile eta herritarren arteko topaketa izango da. Ekitaldia Pagoeta gune soziokulturalean izango da (Pagoetako eliza izan zen eraikinean), 19:00etan.
Oihane Vicentek, Uxue Kerejetak eta Andoni Salamerok Dantzagira ikuskizuna egingo dute, Urretxuko eta Zumarragako elkarteei egindako lana eskertuko diete, aurten jubilatu diren Bi-Tarteaneko bazkideei omenaldia egingo diete, kanpainaren ikus-entzunezkoa emango dute, sortzaileek egindako mantalak erakutsiko dituzte eta mokadutxoa egingo dute.
Omenduak Fernando Salegi harategiko Fernando Salegi eta Mailu Odriozola, Ederrena etxetresna-dendako Jose Luis Madina eta Rosa Hernandez, Lorea drogeriko Ana Elgarresta eta Oiarbide oinetako-dendako Andres Oiarbide eta Lurdes Garikano izango dira.
Bestalde, hilaren 14tik 25era bi herriotako sortzaileek egin dituzten mantalen erakusketa egingo da Zelai Arizti kultur etxeko sarreran. Mantal horiek (30) erakusketak iraun bitartean kanpainara atxikitako establezimenduetan erosketak egiten dituztenen artean zozkatuko dira. Erosketa horiek gutxienez 40 eurokoak izan behar dira.
Bi-Tarteanek apirilean jarri zuen abian Ber4 kanpaina: berrerabili, berrasmatu, berpiztu eta berreskuratu. Jasangarritasunarekin lotuta dago. Hasteko, erabiltzen ez ziren galtza bakeroak bildu zituzten. Praka horiei beste erabilpen bat eman nahian, mantalak egin zituzten. Mantalak, 108 guztira, Mairi elkarteko kideek eta Ur Lantokiak egin zituzten.
Bi-Tarteanek mantal horietako gehienak Urretxuko eta Zumarragako elkarteei oparituko dizkie, egiten duten lana eskertzeko. Gainontzekoak herritarren artean zozkatuko dira.