Amona Brauliarekin musika modernoaren historia ezagutzeko gonbita Legazpin
Azaroan Musika zikloaren barruan, Jazzbana Ensemble taldeak antzezlan musikatua eskainiko du igande eguerdian Latxartegi aretoan.
Azaroan Musika zikloaren barruan, igandean Bidaia on, amona Braulia antzezlan musikatua eskainiko du Jazzbana Ensemble taldeak Latxartegi aretoan. Haur, gazte eta helduei zuzendutako ikuskizuna 12:30ean hasiko da. Sarrera dohainik izango da, eta aretoko ateak 12:00etan irekiko dira.
Ikuskizun honek musika modernoaren historia kontatzen du, duela 100 urte baino gehiago New Orleansen estiloarekin hasi zenetik, 1950eko hamarkadako Bebop generoraino. Sarah eta bere amona Brauliaren egunkaria izango dira gidariak, eta musika banda, laguntzailea.
Bidaia on, amona Braulia konpainia honen lehen lana da. 2021ean sortu zen taldea, eta emanaldi honetan Irati Bilbaok, Oskar Lakunzak (saxofoia eta pianoa), Iñigo Cuencak (tronpeta), Alvaro Zarzuelak (tronboia, helikoia eta pianoa), Aritz Luzuriagak (kontrabaxua, perkusioa eta gitarra) eta Rakel Arbeloak (bateria eta perkusioa) parte hartuko dute.