Goierriko 2 Handietako eta Marimurumendiko dortsal guztiak ziztu bizian agortu dira
Atzo arratsaldean, 17:00etan, zabaldu zuten hiru probetako izen-ematea, eta denbora gutxian bukatu ziren G2H eta MMM probetako dortsalak. Ehunmilak ultra-trailerako dortsalak badaude oraindik. Guztira 1.450 mendi-lasterkarik izango dute parte hartzeko aukera, sekula baino gehiagok. Datorren urteko uztailaren 7an, 8an eta 9an jokatuko dira probak.
Iazko Ehunmilak ultra-trail probaren irteera, Beasaingo Loinazko San Martin plazan. Argazkia: Aimar Maiz Goierriko Bi Handiak traileko eta Marimurumendi maratoiko dortsal guztiak denbora gutxian agortu dira. Atzo arratsaldean, 17:00etan, zabaldu zuten Ehunmilak ultra-trailerako, Goierriko Bi Handiak trailerako eta Marimurumendi maratoirako izen-ematea, eta azken bi horietako dortsalak denbora gutxian bukatu ziren. Denera 1.450 mendi-lasterkarik izango dute parte hartzeko aukera, sekula baino gehiagok.
Bi proba horietan itxaron zerrendan daude korrikalariak. G2Hko itxaron zerrendako lehenak 17:14ean eman zuen izena, eta MMMko itxaron zerrendako lehenak 21:00etan. Ehunmilak ultra-traileko izen-ematean bestelakoa da egoera. Atzo gauerdian, 00:00etan, 283 korrikalari zeuden izena emanda.













