Asier Larrazaren argazkiak jarri dituzte ikusgai Juan Kruz ile-apaindegian
Abenduaren amaierara arte egongo da irekita erakusketa. 'Oruko' du izenburua, eta amaren Ezkioko Orue baserria du ardatz.
Juan Kruz ile-apaindegiak erakusketa berri bat ireki du, eta oraingoan Asier Larraza argazkilari zumarragarrari eskaini dizkio aretoko hormak. Abenduaren amaierara arte ikus ahal izango dira bere lanak.
Larrazak Donostian eta Ingalaterran egin zituen argazkilaritza ikasketak, eta 2000. urtean amaitu zituenetik 2015era arte, argazkilari komertzial gisa lan egin du publizitate agentzia, erakunde eta enpresentzat. Jarduera horrekin batera, irakaskuntza tartekatu du, argazkigintzari buruzko ikastaroak, tailerrak eta hitzaldiak emanez. Besteak beste, Gasteizko Arte eta Goi mailako Diseinu Eskolan eta Bilboko CFC Argazkigintza Garaikidearen Zentroan eman ditu klaseak.
Gaur egun ez ditu klaseak ematen, eta argazkiaren munduarekin zerikusia ez duen beste lanbide bat du. Horrek alboratuta zituen lan pertsonalak berreskuratzeko aukera eman dio. Horien artean kokatzen dira Juan Kruz ile-apaindegian erakusten dituen argazkiak.
Orue baserria gogoan
Legazpiko erakusketak Oruko du izena, eta Ezkioko Orue baserriari aipamena egiten dio. Juan Kruzeko erakusketekin batera argitaratzen duten postalean, honako hitz hauekin aurkezten du bere lan hori Zumarragako artistak:
“1980ko San Juan bezperan amaren baserriak su hartu zuen.
Harekin erre ziren ganbara, sukalde, ikuilu… eta gure haurtzaroko gazteluak.
Naturak azken aztarnak estaltzen dituen eran, irudiak memoria lausotan diraute.
Esan ohi da baserriak ez direla inorenak, bertako biztanleak baizik baserriarenak”.
Erakusketa koloretako 12 argazkiz dago osatuta, eta erre zen Orue baserri haren ingurukoak dira denak. Batzuk baserriaren aztarnen kanpoaldean geratu ziren elementuenak dira, naturarekin difuminatuta aurkeztuak. Beste batzuk, zutik geratu zen baserriaren zatian ateratakoak, barruan. Erakusketa osatzeko 13. argazkia falta da, baserria zutik zegoen garaikoa.
Azken finean, amaren baserri haren historia islatzen duen erakusketa da, baserriaren eta familiaren inguruko oroimen pertsonalak berreskuratzen dituzten irudiez osatutakoa.
Legazpiko erakusketa honen ondoren, martxan dituen proiektu handiagoetan murgilduko da Larraza, laster kaleratzeko helburuarekin.