Treba Gurasoak egitasmoak hiru tailer antolatu ditu Goierrin datozen asteetarako
Familian ezarri beharreko arauak, haur eta nerabeen emozioak eta haurren garapena dira landuko dituzten gaiak. Hiru tailerretarako izen-ematea irekita dago
Gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzeko helburuarekin Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako Treba Gurasoak egitasmoaren barruan, Leire Cano trebatzaileak gidatuko dituen hiru tailer antolatu dituzte Goierrin datozen asteetarako.
Lehen tailerra hilaren 22an izango da, hurrengo asteartean, Zegaman, eta Arauak eta mugak familian. Nola ezarri era asertibo batean gaia landuko dute. Anduetza parketzean, 17:30etik 19:00etara izango da hitzordua. Haur eta nerabeen gurasoei zuzendutako tailerra da, eta izena eman behar da parte hartzeko: liburutegia@zegama.eus.
Seguran izango da hurrengo tailerra, datorren urteko otsailaren 1ean, Haur eta nerabeen emozioen bidelagun. Nola zaindu seme-alaben emozioak izenburuarekin. Kultur etxean garatuko da, 17:00etatik 18:30era, hau ere haur eta nerabeen gurasoei zuzenduta. Izena emateko: bulegoa2@segura.eus edo 943 80 10 06.
Amaitzeko, Jolasa, haurren garapenerako gakoa. Nola izan haurren bidelagun kontziente izenburuko tailerra hurrengo otsailaren 14an izango da, Idiazabalgo udaletxeko areto nagusian, 18:00etatik 19:30era. Tailer hau haurren gurasoentzako da. Izena emateko: berdintasuna@idiazabal.eus.