Ataunen bihar irekiko dute Olentzero-Maridomingiren eta jentilen Lizarrustiko ibilaldira joateko sarrera-erreserba
Abenduaren 10ean egingo du Jentilbaratza elkarteak Aralarren ibilaldi magikoa. Olentzerori eta Maridomingiri eskutitzak emateko aukera izango dute haurrek. Jentilak ere izango dira.
Ataunen abenduan egin ohi duten Olentzeroren eta Maridomingiren bila joateko ibilaldi magiko arrakastatsurako sarrerak bihar jarriko dituzte salgai. Abenduaren 10ean da ikuskizuna eta ekintza, baina txartelak aurrez erreserbatu beharko dira. Aurreko aldietan berehala agortu izan dira.
Bihar, azaroak 16, asteazkena, jentilbaratza.eus webgunean egin behar dira erreserbak. Pertsonako gehienez sei sarrera hartu ahalko dira, eta 4 euro ordaindu behar da buruko (ibilaldiaren egunean ordaindu behar dira, erreserba-agiria erakutsita). Hiru urtetik gorako haurrek eman behar dute izena.
Abenduaren 10ean, bi txandatan egingo dute ibilaldi magikoa, Lizarrustiko parketxetik Allekuko pagadirantz. 10:00etan eta 10:30ean abiatuko dira multzo bana. Txanda bakoitzeko jende kopurua mugatua da, eta txartelik gabe ezingo da parte hartu.