Leire Moreak irabazi du beste behin Ataungo mondeju lehiaketa
2019ko lehiaketan ere Moreak lortu zuen lehen postua. Kaletarrek ere mondejuen tradiziozko langintza ikastearen garrantzia azpimarratu du, «galdu ez dadin»
Igandean jokatu zen Ataungo 11. mondeju lehiaketa, Jentilbaratza Kultur Elkarteak San Martin jaien barruan antolatuta. Leire Morea Ataunen bizi den ikaztegietarra izan da irabazlea. Bigarren urtez jarraian lortu du lehenengo postua, 2019ko lehiaketan ere bera izan baitzen garaile. 2020an eta 2021ean ez zen lehiaketa egin. Bigarren postua Mikel Moreak lortu du, eta hirugarrena, berriz, Ane Tapiak, Egoitz Goikoetxeak eta Mikel Dorronsorok osatutako hirukoteak. Zazpi lagunek parte hartu dute.
Kaxola-ko Iker Markinezek, Maitte jatetxeko Maite Garmendiak, Arrano jatetxeko Santos Aldasorok eta Inazio Garmendia eta Pili Barandiaran herritarrek osatu dute aurten epaimahaia. Antolatzaileek aurten aurkeztutako mondejuen maila eta kalitatea goraipatu dute, eta erdigunean jarri nahi izan dute mondejuen tradiziozko langintza mantentzeko ataundarrek egindako lana.
Ardiaren odola eta gaiak erabiliz, beltza egiten da mondejua Ataunen. Belaunaldiz belaunaldi gorde den bizimoduaren adierazgarri da, artzaintzari eta baserriari lotutakoa. Negu garaian, ardia hiltzen zutenean, dena aprobetxatzen zen, eta porruekin eta tipulekin egiten zen mondeju beltza. Transmisioa ez eteteko, urtero antolatzen du Jentilbaratzak lehiaketa, eta mondejuak egiten ikasteko tailerrak ere egin izan dituzte.
Kaletarrei zabaldua
Edozein herritarrek parte hartu dezakete lehiaketan. Leire Morea aurtengo irabazleak transmisio lan horren garrantzia azpimarratu du, langintza «galdu ez dadin»: «Kaletarrak direnek ez dute ia ezagutzen, baserritik datorren zerbait delako. Oso ondo iruditzen zait hori zabaltzea, bestela galdu egingo da». Ataungo gazteak ere hurrengoetan parte hartzera animatu ditu, «bertakoek mantendu behar» dutelako jarraipena izan dezan.
Mondejuen tradizioa gurasoengandik jaso du Moreak, baserriko bizimodutik: «Gurasoak baserrikoak ditut, eta beti egon da tradizioa mondejua egiteko. Nik haiengandik ikasi nuen». Urtean behin egin ohi du mondejua, eta Ataungo lehiaketa zela-eta bere mondejua aurkezteko aprobetxatu du. «Pozik» agertu da emaitzarekin, horrelako lehiaketetan «denek aukera berdinak» baitituzte: «Azkenean ez duzu uste irabaziko duzunik. Atera ziren atera ziren bezala eta horrela izan da». Bere mondejuak probatu gabe aurkeztu zituen lehiaketara, eta ondoren egindako bazkarian dastatu zituen. Mondejuen osagaiak berdinak direnez, gakoa «osagaiak ondo lantzea» da Morearentzat.
Pilar Izagirreri oroigarria
Jentilbaratza Kultur Elkarteak Mondeju Beltzaren Lagun izendatzen du herritar bat urtero. Aurten, Bittor jatetxeko Pilar Izagirreri eman diote oroigarria, mondejuarekin egindako lana aitortzeko.













