Ezkio-Itsasoko gimnasioan bazkidetza egiteko aukera zabaldu dute
Mediku-etxe zaharreko bigarren solairuan dagoen gimnasioa herrian bertan erroldatuta ez daudenek ere erabili ahal izango dute, baina herritar bazkide baten bitartez sartu behar dute, agiri bat sinatuta.
Ezkio-Itsasoko gimnasioa erabiltzeko bazkidetza moldea zabaldu egin du udalak. Orain arte bezala, aurrerantzean ere lehentasuna Ezkio-Itsason erroldatuta dauden herritarrek izango dute. Baina aukera bat gehiago erantsi diote orain: kanpokoek ere izango dute bazkide egiteko eskubidea, baldin eta herriko bazkide batek proposatuta eta haren baimen sinatua lortzen badu. Herriko bazkide bakoitzak pertsona bat proposatzeko eskubidea edukiko du.
Bestetik, erabilerari buruzko argibide batzuk zabaldu ditu udalak. Gimnasioa 14 eta 16 urte bitarteko gazteek erabil dezakete, baina bazkide den guraso batek lagunduta, eta ez dute txartelik izango. 16-18 bitarteko gazteek bakarrik joateko aukera eta txartela izango dute, bazkide egiterakoan gurasoen baimena sinatuz gero.