Garikoitz Lariz: "Bidaian borroka egin beharko du bera den horrekin, izan nahi duenarekin eta izan nahi ez duenarekin"
'Macho' antzezlana eskainiko du Garikoitz Larizek ostiralean Ordiziako Herri Antzokian, 20:30ean. Maskulinitatearen eraikuntzari lotutako bidaia bat da.
Garikoitz Lariz artista ordiziarrak Macho: crónicas de identidad perdida antzezlana eskainiko du ostiralean, Ordiziako Herri Antzokian, 20:30ean. Sarrerak Barrena kultur etxean erosi daitezke, 10 euroan. Antzezle bakarra izango da antzeztoki gainean, Lariz bera, eta pertsonaia ezberdinak gorpuztuko ditu, gizontasun arketipo ezberdinei erreferentzia egingo dienak.
Stroke 114 Malagako konpainiak sortutako obra da, eta zuzendaritza Belen Santa-Olalla-rena eta Rodrigo de la Calva-rena da. 2019ko urtarrilean estreinatu zuten Malagako antzerki jaialdian. Bertan egon da ia bi urtez jarraian. Maskulinitatearen eraikuntza du hizpide, eta maskulinitate eredu ezberdinetan barrena bidaia bat egingo dute protagonistek: “Beste gizon batzuekin duen harremana, pertenentzia sentimendua…maskulinitate berriak jorratzen dira”, azaldu du Garikoitz Larizek. “Pertsonaia eta arketipo ezberdinak interpretatuko ditut”.
Macho antzezlanean duela urte eta erdi inguru hasi zen lanean, Rodrigo de la Calva aktorearen testigua hartuta. Jorratzen den gaia “gordina eta gogorra” den arren, pertsonaien garapena “erraz” gidatu ahal izan du, “zuzendaritzarekin lana erraza da-eta”. Maskulinitatearen bidaia horretan, nahiak, beharrak eta desirak kontrajarrita agertuko dira: “Fazetak edo aldeak dira. Bidaian borroka egin beharko du bera den horrekin, izan nahi duenarekin eta izan nahi ez duenarekin”.
“Errealitatearen kontra” egin beharko du protagonistak, eta gizartearen egituraketa-sistemaren kontzientzia hartu beharko du: “Matxistak ez garela esaten badugu ere, azkenean konturatzen gara mezu edo jarrera matxistak ditugula, sistema patriarkal batean hezi garelako. Goitik behera zabaldu eta jarrera horiekiko kontzientzia hartzearen prozesua da”.
Antzezlana gertakari errealetan oinarrituta dago. Estatistikak edota prentsa artikuluak erabili dituzte istorioa kontatzeko. “Gogorra da, baina errealitatea kontatzen du eta ez dugu errealitate hori makillatu nahi izan”.