Hizkuntza aktibazioa eta gazteak ikerketagai izan dituzte
Soziolinguistika klusterrak, Aittu euskara taldeak eta Beasaingo Udalak, beasaindar gazteekin batera, euskararen inguruan eta gazteen ekimenei buruz hausnartzeko prozesu parte hartzailea egin dute. Aurreko astean amaitu zuten lanketa, Igartza jauregian egindako juntadizoarekin. Abenduan argitaratuko dituzte emaitzak.
Maialen Iñarra izan da proiektuaren koordinatzailea. Kontatu du hizkuntza aktibazioari lotuta dagoen egitasmoa dela: «helburua da hizkuntza aktibazio errazteko zein gako identifikatu daitezkeen zehaztea», laburbildu du. Aztergai izan dituzte herritarrak euskararen alorrean aktibatzea bultzatu nahi duten mugimenduak eta euskara biziberritzeko bidean ekarpenik egin nahi duten tokian tokiko ekimen sozial desberdinak. «Aktibazioaren prozesu horretan gazteek duten paperaz, euskararen jirara gazteak nola aktibatu daitezken, horri buruzko gogoeta bat egin dugu. Hori egin nahi izan dugu, bigarren elementua izanda, Goierrin kokatuta, eta zehazki nonbait hasi behar eta Beasaingo esperientzia hartu dugu oinarri bezala».
Izaera orokorra duen ekimena da, dena den. Horregatik, azken saiora inguruko herrietako agintariak eta eragileak gonbidatu zituzten. «Pentsatuta, Beasainen identifikatu diren irakaspenak beste herrietan ere baliagarriak izan daitezkeela eta aurrera begira inspirazio iturri bezala izan dezaten».
Azken saioa, halaber, eskertza egiteko baliatu zuten Soziolinguistika klusterrak, Aittu euskara taldeak eta Beasaingo Udalak. 20 bat lagun bildu ziren.












