Irati Goikoetxea diru bilketa egiten ari da 'Nor' eleberria atera ahal izateko
Goikoetxeak 'Nor' eleberri ilustratuari hitzak jarri dizkio. Identitatea eta nortasuna ditu oinarrian nobelak. Diru bilketa azken fasean sartu da, behin gutxiengo kopurua lortuta.

Nor izenburua duen proiektuari hitza jarriko dio Irati Goikoetxea beasaindarrak. «Pozik» dago hiru letra horiek biltzen dutenarekin. «Identitatea, nor izatea, sexu identitateaz, transexualitateaz… hori lantzen ditu eleberriak, bost pertsonaien bidez», aurreratu du idazleak. Eleberria «edonori» zuzenduta dagoela esan du, baina «batez ere», 12, 13, eta 14 urteko gaztetxoengan pentsatzen idatzi duela gaineratu du.
1545 argitaletxeak abian jarritako proiektua da Nor. «Pare bat elkarrizketaren bueltan, proposatzen didate eleberri labur, ilustratu bat egitea, ni izatea hitza jarriko diona eleberri horri», kontatu du. Literatur lan honekin «irakurleak gozatzea eta aldi berean balioko balu tresna gisa, eskoletan, familian, aisiguneetan, irakurri, partekatu, hausnartu, elkarrizketarako bide eman, eztabaidatzeko,… horretarako ere balioko balu, zoragarri» dio Goikoetxeak.
Argitaletxearen izaera bereziaz ere mintzatu da beasaindarra. «Kontsumoaren gurpiletik ihes egiten duen argitaletxea da, filosofia berezia duena». Hain zuzen, argitaletxearen ildoetako bat, Hipatia deiturikoa pentsamendu kritikoa hedatzera bideratuta dago, sormenaren eta transmisioaren bidez. Hortxe kokatzen da Nor.
Elkarlana
Beasaindarraren testua ilustrazioek lagunduko dute. Irrimarrak egingo ditu. «Geroz eta indar gehiago hartzen ari da umeei zuzendutako liburu albumez gain, helduentzako, gazteentzako ilustrazioak tartekatzea, pentsatu genuen, eta apustu hori egin dugu, hor hutsune bat ikusi delako», gehitu du Goikoetxeak. Ilustrazioak izango dira «iradokitzaileak, osagarriak, eta hausnarketarako baliagarriak», deskribatu du. Hitzaurreaz, Aingeru Mayor sexologo eta Naizen elkarteko kidea arduratuko da.
‘Goteo’ kanpaina
Proiektua aurrera eramateko Goteo edo diru blketa kanpaina abiatu zuten duela aste batzuk. Jarritako lehenen helburura iritsi dira. Gainera, Gipuzkoako Foru Alduariaren Piztu meta! 2022 izeneko egitasmoaren laguntza izan du. Hau da, herritar bakoitzak jarritako euro bakoitzagatik Kultura Sailak bi euro jarri ditu.
Gutxieneko diru kopurua lortuta, diru bilketaren lehen fasea amaitutzat jo dute. Halere, ekarpenak egiten jarraitzeko aukera dago. «Gehiengora iristea da helburua, nahi dugulako, kalitate handiko liburu bat izatea», esan du Goikoetxeak. Proiektuari laguntza ekonomikoa eskaintzeko eu.goteo.org/project/nor webgunean sartu behar da. 12 egun geratzen dira horretarako. Atzora arte 200 ekarpen erregistratuak zituen proiektuak.
Jasotzen diren ekarpenekin eleberriaren kostuei egingo diete aurre. Hau da, idazlearen, ilustratzailearen eta hitzaurrearen arduradunaren lanam argitaletxearena, diseinu, maketazio, zuzenketak, edizioa eta liburuaren erregistroa, liburuaren banaketa eta beste zenbait gastu ordaintzeko bideratuko dute jasotakoa.
Eleberria erosteko aukera ere badago, nahiz eta oraindik ez dagoen argitaratuta. «Prest dugunean, eskatzailearen etxera bidaliko dugu», animatu ditu herritarrak Goikoetxeak.