Neurodibergenteak eta neurotipikoak, elkarrekin
Gautenaren antzerki taldeak 'Planeta Ateneasp' lana antzeztuko du etzi Zumarragan. Taulara igoko diren aktoreetako bi Mikel Sagarzazu neurodibergentea eta Juanlu Escudero neurotipikoa dira.
A utismoaren espektroko nahastea dutenei neurodibergenteak deitzen zaie. Gainontzekoak, neurotipikoak dira. Neurodibergenteek zailtasunak dituzte erlazionatzeko, baina besteek ere ez dituzte gauzak erraz jartzen: erreparoa dela, lotsa, beldurra, alferkeria… Neuroptikoak ez dira beraiengana asko gerturatzen. Enpatia falta, finean. Autismoaren espektroko nahastea duten pertsonen elkarteak, Gautenak, hainbat ekimen jarri ditu abian beraien senitartekoei laguntzeko. Horien artean, antzerki taldea. Etzi Zumarragan egongo dira, 19:00etan, Zelai Arizti aretoan. Antzerkia hasi aurretik, film labur bat emango dute. Neurotipikoek neurodibergenteak hobeto ezagutzeko eta beraiengana hurbiltzeko aukera izan dezaten. Sarrera borondatearen truke izango da.
Istorioa
Planeta Ateneasp antzezlanaren gidoia Olatz Lizarralde donostiarrak idatzi du: neurotipiko talde bat neurodibergenteen planetara joango da, aktore lan bila. Izan ere, Ateneasp planetan obra bat prestatzen ari dira. Antzezlanean Gautenako kideek beraien errealitatearen berri emango dute eta neurodibergenteak eta neurotipikoak ez direla elkarren horren ezberdinak ikusiko da.
Lizarralde Gautenaren antzerki taldean lan egiten duen bi neurotipikoetako bat da. Bestea, Juanlu Escudero aktore zumarragarra da. Biak, Asperger sindromea duen Mikel Sagarzazu oñatiarrarekin batera, taldearen arduradunak dira.
Antzerki taldea duela 13 urte sortu zen. «Jimmy Brosa Gautenako pedagogoari antzerki taldea sortzea proposatu genion. Berak horren aldeko apustua egin zuen, ostiraletan Gautenako erabiltzaileek ez zutelako ekintzarik. Etxean gelditzen zirelako, lagunekin egon gabe», azaldu du Lizarraldek. Egitasmoak arrakasta izan zuen eta handik hiru urtera bigarren antzerki talde bat sortu zen. «Antzerkiak oso ondorio onak izan ditu. Sozializatzen lagundu die».
Gidoiak bakoitzaren beharretara egokitzen dituzte. «Bakoitzak bere denborak ditu, batzuk gehiago hitz egin nahi dute eta beste batzuk gutxiago…».
Urtero antzezlan bat prestatzen dute. «Helburua, taldeko kideek antzerkiko tekniken bitartez beraien sozializazio zailtasunei aurre egitea da. Ostiralero elkartzen gara, urritik ekainera bitartean. Ekaineko azken ostiralean, lana jendaurrean antzezten dugu Lugaritzen», aipatu du Sagarzazuk.
Oraingoan Zumarragan arituko dira, ordea. «Pandemia dela eta, antzerki eskolak online egin genituen eta bi urte eman genituen lan hau aurrera ateratzen. Maiatzean aurkeztu behar izan genuen, ekainean Lugaritz hartuta zegoelako, eta ez ginen gustura gelditu. Hori dela eta, handik bi astera-edo, Zumarragan antzeztea proposatu nuen. Beraiei ez zaie lana behin baino gehiagotan antzeztea gustatu, baina baiezkoa eman zuten», dio Escuderok.
Beste behin bakarrik antzeztu dute lan bera bi aldiz: osasun mentalaren inguruko antzerki topaketa batean parte hartzeko eta Donostiako gazte antzerki lehiaketan parte hartzeko. «Irabazi egin genuen. Poz handia izan zen», azaldu du Sagarzazuk.
Zumarragara etorrita, beraien lana Donostialdeatik kanpo ezagutzera emango dute. «Gure taldeko kide gehienak Donostia ingurukoak dira eta, hala, Gipuzkoa mendebaldera iritsiko gara. Gainera, Zumarragako Gautenako lokalera etortzen direnek antzerkiaren bidez lor daitekeena ikusiko dute», gehitu du.
Asperger sindromea
Ikusleek autismoa hobeto ezagutzeko aukera ere izango dute. «Antzezlan honetan itzulingururik gabe hitz egiten da autismoaz. Olatzek kide guztien iritziak jaso zituen, nirea barne. Asperger sindromea dut eta antzerkiari esker nire zailtasunei, interakzio sozial ezari, aurre egin ahal izan diet. Programa pilotuan hasi nintzen eta, egindako lanari esker, irakasle lanera pasatzeko aukera eman zidaten. Zubi lanak egiten ditut. Izan ere, gainontzeko kideak Olatzek eta Juanluk baino hobeto ezagutzen ditut. Haurtzaro gogorra izan nuen eta antzeko arazoa dutenei lagundu ahal izateak asko pozten nau».
Gautenaren antzerki taldean lan egiteaz gain, bikoizketa aktorea da eta hainbat filmetan figurantea izan da. Agur Etxebeste! eta El hoyon… adibidez. Asteburu honetan Zumarragan emango duten haurrentzako pelikulan ere lan egin du.
Escuderok ere berarentzat oso esperientzia «aberasgarria» dela dio. «Asko ikasi dut: enpatia gehiago izaten, pazientzia gehiago izaten…».