Ormaiztegiko festak, ate joka
San Andres jaiak ostiralean hasiko dira, Ormaiztegiko txirrindularitzari omenaldia eginda. Angel Elortzak egingo du hasierako pregoia, azaroaren 25ean; herri argazkilari eta txirrindularitza antolatzaile gisa 40 urtean egin duen lana eskertzeko. Jubilatuenean, gaur eta bihar jokoak dituzte.
Goierriko urteko azken festa nagusiak, Ormaiztegiko San Andres jaiak, hemen dira. Ostiralean hasiko dira, eta bi asteburu bete ospatu ondoren, bukaera ia bi aste geroago, azaroaren 30ean, zaindariaren egunarekin, emango diote. Plazan berritze lanak egiten ari direnez, festa-gunea Berjaldegi aldera aldatu dute aurten. Txosnagunea eta karpa ere han kokatuta daude dagoeneko.
Jai hasierako pregoia egiteko ohorea Angel Elortza Beitia herritarrari eman dio Festa Batzordeak. 1981etik, berrogei urte pasa darama herriaren, herritarren eta bertako ekimen zein ekitaldien argazkiak ateratzen. Horrez gain, Ormaiztegiko Txirrinduaren Lagunak elkarteko buru ere bada. Herrigintzan egiten duen lana aitortuko diote. Baina hasiera ofiziala azaroaren 25ean, ostiralarekin, egingo dute.
Aurreneko asteburuari ekiteko, Ormaiztegiko txirrindularitza izango da, hain zuzen, lehen eguneko osagai sendo bat. Kirol horretan herriak izan duen pisu handia gogoratzeko, eskultura bat inauguratuko dute, ostiralean 18:00etan, San Andres eliza aurreko lorategian. Lehengo eta oraingo txirrindulari ormaiztegiarrak, federazioko ordezkariak eta herriko agintariak ere bertan izango dira. Argazkien proiekzio bat emango dute eliza atarian, Elortzak ondua.
Beste berritasun bat boxeoa jaialdia izango da. Lehenbiziko aldiz, ostiralean 20:00etan hasita jokatuko da, Zubipe kiroldegian. Sei borrokaldi ikusteko aukera egongo da: bost mutilen artekoak, bat neskena. Sarrera orokorrak 10 euro balio du, eta Ormaiztegiko Maria Eugenia Lasaren estankoan, Beasaingo Alondra ile-apaindegian edo telefonoz (605 25 83 01) eros daitezke. Egunean bertan, pilotalekuko atean ere bai.
Honako borrokaldiak jokatuko dituzte:
- Zugasti / Allup (75 kilo)
- Fernandez / Jalil (75)
- Martxel / Boris (79)
- Moha /Wellington (60)
- Jesica Brunet / Paula Urdaneta (55,5)
- Madi / Jeremias (63)
Aurretik, ordea, festa girotzen lehenengoak jubilatuak izango dira. Gaur (asteazkena) eta bihar (osteguna), gizarte-etxeko Oin-Harriak jubilatuen egoitzan jokoak eta jolasak dituzte. Puntu txapelketa (gaur, 16:00); toka, bote eta igel txapelketak (bihar, 16:00), eta mus txapelketa zortzi erregera (ostiralean, 16:00) antolatu dituzte.
Haurrentzat, berriz, Haizea Loira kontalariak Letrekin dantzan ipuina kontatuko du, bihar 17:00etan, liburutegian. 3-8 urte bitarteko haurrentzat zuzendutakoa da. Festen hasierak Euskaraldiaren hasierarekin ere bat egingo du. Ostiralean, azaroak 18, Zubipe kiroldegian photocalla jarriko dute, euskararen alde argazkiak ateratzeko. San Andres herri eskolako Guraso Elkarteak antolatutako ikuskizuna ere egingo dute, eta Xaiborrekin disko-festa.
Lehenbiziko asteburuaren ardatza, larunbateko Eleganteen Eguna izango da. XIX.mendeko janzkerak aterako dituzte kalera ormaiztegiarrek, bainuetxearen garaia irudikatuz. Auto klasikoen erakusketa ere jarriko dute. Pintxo Eleganteen VII. Lehiaketa ere jokatuko da, osagai nagusitzat kuiatxoa dela. Kukon bi lagunentzat otordua zozkatuko dute partaideen artean, eta irabazleek garaikurra jasoko dute.
Ormaiztegiko San Andres jaiak 2022, egitaraua
Azaroak 16, asteazkena
- 16:00. Puntu txapelketa jubilatuen artean. Gizarte-etxeko jubilatuen egoitzan, Oin-Harriak elkarteak antolatuta.
Azaroak 17, osteguna
- 16:00. Toka, bote eta igel txapelketak, gizarte-etxeko jubilatuen egoitzan, Oin-Harriak elkarteak antolaturik.
- 17:00. Haizea Loira Matxiñenaren ‘Letrekin dantzan’ ipuin kontaketa, 3-8 urte bitarteko haurrentzat. Udal liburutegian.
- 19:00. Emilio Latorreren hitzaldia, ‘Elena Tuduri y su entorno’, Zumalakarregi Museoak antolatuta. Gizarte-etxeko areto nagusian.
Azaroak 18, ostirala
- 16:00. Mus txapelketa zortzi erregera, gizarte-etxeko jubilatu egoitzan, Oin-Harriak elkarteak antolaturik.
- 16:00-18:00. Euskaraldiko photocalla, Zubipe kiroldegian.
- 16:30. ‘Ormaiztegi showa’, San Andres herri eskolak eta guraso elkarteak antolatuta, Zubipen.
- Jarraian. Xaiborren disko-festa, Zubipen.
- 19:00-04:30. Gazteen txosna irekita.
- 18:00. Ormaiztegiko txirrindularitzaren omenaldia eta eskultura inaugurazioa, eliza parean.
- 20:00-23:00. Boxeo izarren gaua. Sei boxeo borrokaldi, amateurrenak. Zubipe kiroldegian. Sarrera: 10 euro.
- 23:30. Kontzertuak, karpan: Tirokatuak, Larru Beltzak eta Muri DJa. Harrikalariak gazte asanbladak antolatuta.
Azaroak 19, larunbata. Eleganteen Eguna.
- Egun osoan. XIX. mendeko eleganteen IX. Bilkura. Muxika egurastokian eta eliz atarian. Photocalla Ormaiztegiko bainuetxeko irudiarekin, auto klasikoen erakusketa.
- 10:30 eta 11:30. Eskola Kiroleko saskibaloi partidak, Zubipen. San Andres6 / La Salle 6A (alebin neskak) eta San Andres5 / San Benito 5B (alebin neskak).
- 12:00-15:00. Jundajo txaranga.
- 12:00-15:00. Pintxo Eleganteen VII. Lehiaketa, Arana, jubilatuenean eta Murua tabernetan. Pintxoa 1,50 euroan (osagai nagusia: kuiatxoa). Pintxorik onenari garaikurra. Kuko jatetxean bi otorduren zozketa. Zumalakarregi Museoak antolatuta.
- 12:30. Paseo elegante, Zumalakarregi Museotik garai batean bainuetxea zegoen lekuraino.
- 14:30. Eleganteen bazkaria, karpan. Txartelak salgai Pio, Murua, Usoa eta jubilatuen tabernetan (25 euro). Gazte asanbladak antolatuta.
- Ondoren. Bingo herrikoia.
- 14:30-04:30. Karpan gazteen txosna zabalik.
- 17:00. Paperezko panpinak eta osagarriak egiteko tailerra. Karta jokoak. Eliz atarian.
- 18:00. Txokolatea bolatuekin, eliz atarian. Zumalakarregi Museoak antolatuta.
- 18:00. Eskubaloi partida. Ormaiztegi – Egia (senior mutilak). Zubipe kiroldegian.
- 18:30-21:30. Burrunbazale txaranga.
- 23:00. Kontzertuak, karpan: Emayon Erromerie, eta Tintz DJa.
Azaroak 20, igandea
- 12:00. Haurren danborrada, Urolatarrak txarangarekin. San Andres herri eskolako guraso elkarteak antolatuta.
- 16:00-17:30. Jolas erraldoiak, haur, gazte eta familia guztiarentzako. Zubipe kiroldegian.
- 17:30. Goruntz dantza taldearen emanaldia, Zubipen.
- Jarraian. Jolas erraldoiak.
Azaroak 23, asteazkena
19:00. Ane Albisuk gidatutako solasaldia, ‘Elena Tuduri eta Goikoetxeko soinekoak’ gaiarekin. Gizarte-etxean, Zumalakarregi Museoak antolatuta.
Azaroak 24, osteguna
- 18:30. Helduentzat ‘Ipuinez nazkatuta’ kontakizuna (16 urtetik gorakoentzat). Gizarte-etxean.
Azaroak 25, ostirala
- 16:30. Kalejira herriko trikitilariekin, eskolatik udaletxera. Secundino Esnaola Musika Eskolaren eskutik.
- 17:00. Dantza ikasleen saioa, udaletxeko parkean. Secundino Esnaola Musika Eskolaren eskutik.
- Jarraian. DJ Kaktus eta Makilaia taldeen kontzertua.
- 19:30. Eskubaloi partida: Ormaiztegi – Arrasate (senior mutilak), Zubipe kiroldegian.
- 19:00-04:30. Gazteen txosna irekita, karpan.
- 19:00. Pregoia, Angel Elortza argazkilariaren eta txirrindularitza antolatzailearen eskutik. 40 urtean herriko kultura, kirola eta jaiak argazkitan biltzen egin duen lana eskertzeko. Udaletxean.
- Jarraian. Buruhandiak eta Jundajo txaranga.
- 23:00. Kontzertuak: Kevin eta Little, Coast Rebels, eta Añube taldeak. Karpan, gazte asanbladak antolatuta.
Azaroak 26, larunbata. Mozorrotuen eguna
- 12:00-15:00. Jundajo txaranga.
- 14:00-20:00. Euskaraldiko photocalla, Zubipe kiroldegian.
- 14:30. Mozorrotutako kuadrillen bazkaria, Zubipe kiroldegian. Txartelak, zenbakituta, Ormaiztegi aplikazioan azaroaren 24ko 23:55 arte eros litezke (helduena 20 euro, haurrena 12 euro).
- 17:00. Zezentxoak eta poniak. Eskolako jolastokian.
- 18:15. Mozorrotutako kuadrillen jaitsiera, Zuttik elektro-txarangarekin.
- 19:00-04:30. Gazteen txosna irekita, karpan.
- 20:00. Mozorro lehiaketa eta sari banaketa, karpan.
- 23:00-03:00. Mugi Panderoa taldearen erromeria.
Azaroak 27, igandea. Odolki Eguna
- 11:00-13:00. Txiki Txef sukaldaritza tailerrak, Berjaldegin. 5-12 urte bitarteko haurrentzat eta familientzat.
- 11:00-14:00. Ormaiztegiko 35. Odolki Lehiaketa; 24.Odolki Osagaien Lehiaketa; taldekako plateren 20. Sukaldaritza Lehiaketa. Urrezko Odolkia saria ematea Koldo Lasari. Karpan.
- 12:00. III. Martin Callejo Ardo Dastaketa, karpan.
- 12:00-14:00. Suthai batukada, kalean.
- 12:30. Odolki lehaketako sari banaketa, karpan.
- Ondoren. Odolkia babarrunekin, pintxo dastaketa.
- 14:00ak arte. Artisau eta gastronomia produktuen azoka, eta bertako artisauen azoka. Berjaldegi kalean.
- 16:00-20:00. Haurrentzat eta gaztetxoentzat jolas parkea, Zubipe kiroldegian.
- 18:00. Alaitasuna errondaila, kalean.
Azaroak 29, asteartea
- 20:00. Helduen danborrada, Urolatarrak txarangarekin.
- Jarraian. Danborrarien afaria, Zubipe kiroldegian.
Azaroak 30, asteazkena. San Andres eguna
- 10:00-14:00. Haurrentzat eta gaztetxoentzat jolas parkea, Zubipe kiroldegian.
- 11:30. Meza nagusia, Urmaiz abesbatzarekin. San Andres elizan.
- 12:00. Hamaiketakoa, udalak eta Baso-Txulo elkarteak antolatuta, eliz atarian.
- 12:30. Juan Mari Cuadradori, Heliodoro Etxeberriari eta Jose Benito Esnaola Lakiola-ri eskertza ekitaldia, herriko kultur jardueretan egindako lanagatik. Eliz atarian.
- 13:00. Herri kirol jaialdia. Joseba Ostolaza, Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez (harri jasotzen); Iñaki Azurmendi eta Ugaitz Mugertza (aizkoran); Irati Astondoa eta Uxue Antsorregi (aizkoran). Esataria Jose Angel Sarasola.
- 16:00-19:00. Haur eta gaztetxoen jolas parkea, Zubipe kiroldegian.
- 18:00. ‘Luze edo motz’ bakarrizketa, gizarte-etxean.
- 19:00-21:00. Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin kantaldia, kalean (gizarte-etxetik hasita).
Abenduak 1, osteguna. Euskararen Eguneko ospakizunak
- 18:00-20:00. Euskaraldiko photocalla, gizarte-etxean.
- 19:00. ‘Zozoak beleari ipurbeltz’ antzerki-zirkua, gizarte-etxean.
ERAKUSKETAK
- Jai-egitarauko azalen lehiaketako marrazkiak. Gizarte-etxeko atarian, abenduaren 11 arte.
- XXIX. Mendi eta Abentura Asteko argazki erakusketa, Iban Toledoren ‘John Muir trail’. Gizarte-etxeko areto nagusian, abenduaren 18ra arte.
- ‘Elena Tuduri: erramuaren sekretua’. Euskal jantzien ikerketa etnografikoaren emaitza, Elena Tudurik XX.mende hasieran aurkitutako jantzien eta Goikoetxea etxeko (Albiztur) ondarearen erakusketa. Zumalakarregi Museoan, abenduaren 30era arte. Bisita gidatuak: astearteetan 11:00etan, ostegunetan 12:30ean, larunbat, igande eta jaiegunetan 11:00etan (euskaraz), 12:30ean (gaztelaniaz) eta 17:00etan (bietakoren batean, aukeran). Ormaiztegiarrentzat museoko sarrera doan.
- Heliodoro Etxeberriaren objektuen bildumaren erakusketa. Ormaiztegiko nahiz Gipuzkoako herrietako argazki zaharrak, Iruñeko San Fermin jaiak, Lizarrako festak, Espainiako eta beste herrialde batzuetako zigiluak, postalak eta komikiak. Iriarte Goena etxea, 29, beheko aretoan. Ordutegia: azaroak 19 eta 20 11:30-13:00, azaroak 26 11:30-13:00 eta 17:30-20:00, eta azaroak 27 12:00-14:00 eta 18:00-20:00.